GUDARI EGUNA 2018

GORA ATZOKO, GAURKO ETA BIHARKO BORROKA!

Herri Langileok, geure burua askatzeko guduan, eskura ditugun borroka molde guzti-guztiak erabiltzeko eskubidea eta betebeharra dugu. Hori da mendez mende zapaldu eta desjabetuon Historiak irakatsi diguna.

Zapaltzaileek bortizkeria erabiltzen dute sistematikoki, etengabe eta masiboki beren zapalkuntza iraunarazteko. Klase gizarte guztietan gertatu da horrela, patriarkatuaren sorrerak hasierako komunismo primitiboa progresiboki suntsitu zuenetik. Ekoizpen modu guztietan egiaztatu da lege hau planeta osoan: despotismoan, esklabismoan, feudalismoan...

Kapitalismoak aurreko zapalkuntza mota guztiak bere baitan integratzen eta kapitalaren metaketaren beharretara subordinatzen dituen heinean, taigabeko biolentzia mugagabean oinarritzen da hasiera-hasieratik. Patriarkatua, esklabutza, zapalkuntza nazionala, arrazakeria, helduen nagusikeria... Egitura zapaltzaile guztiak barnebildu ditu Kapitalismoak bere baitan, bortizkeria guztiak erabiltzen ditu bere boterea eta tirania luzatzeko. Eta hori, egunero eta orduero. Gauez eta egunez.

Edozein botere zapaltzailerendako hil ala biziko kontua da bere etengabeko biolentzia egunerokoa ezkutatzea, ikusezin bilakatzea, normalizatzea, legitimatzea, justifikatzea. Horrela zapalduok erabateko alienazioan murgiltzean gara, eta pentsatzen dugu itotzen eta azpiratzen gaituen bortizkeria mugagabea “normala” dela, “demokratikoa” dela, “elkarbizitza” dela, “legala” dela, gu babesteko “zuzenbide estatua” dela.

Zapaltzaileen erabateko garaipena iristen da zapalduok bere ideologia alienatzailea zeharo irensten dugunean, Orduan, zapalkuntzaren aurka matxinatzeko saio oro “biolentzia” bilakatzen dira, eta esplotazioa zein subordinazioa, “bakea”. Horrela erdietsi ohi dute zapaltzaileek mendez mende beren boterea luzatzea. Biolentzia itsaso baten erdian bizi gara, bortizkeria ozeano batean murgilduta gaude. Eta ez gara ohartzen.

Klase eta talde zapaltzaileentzat, helburu nagusia da beren biolentzia oinperatzailea legitimatzea eta disimulatzea, eta aldi berean, zapalduon erantzun mugatu eta defentsiboak salatzea eta deslegitimatzea. Zapaltzaileen zinismo eta hipokrisia mugagabearen begietan, “biolentzia” beti da besteena: esplotatuena, txiroena, pobreena, langileena, zapalduona, azken finean. Eta “bakea, elkarbizitza eta zuzenbide estatua”, hots, sistema zapaltzailea eta esplotatzailea defenditzeko, bortizkeria erabiltzea zilegi da, jakina: denetariko poliziak, armadak, segurtasun pribatuak, atxiloketak, isunak, jipoiak, bortxaketak, espetxeak, torturak, gerrak, etab...

Ondorioz, begi bistakoa da zapalduok, geure burua askatzeko bidean irabaziko badugu, autodefentsarako erantzun bortitza erabiltzen ez badugu, nonahi eta noiznahi ikusten ahalko dugula “sarraski asko eta iraultza gutxi”, Argalak hain ongi esaten zuen bezala.

Horra hor egia garratza, esperientzia historikoak behin eta berriz frogatu eta egiaztatu duena, eta Teoria Iraultzaileak sakonki irakatsi diguna.

Hona hemen zergatik klase zapaltzaileek ezin duten inolaz ere onartu eta toleratu zapalduon egia xume hauek jendaurrean eta ozenki adieraztea. Haien ustez, “terrorismoaren apologia” dira. Haiek dira benetako terroristak, patriarkatua eta klase gizarteak abiatu zirenetik. Haiek hedatu dute beldurra, izua, ikara eta terrorea milaka urtez orain arte. Haien kultura osoa terrorismoaren apologia hutsa da, erro-errotik.

Euskal Herri Langilea ez da lege historiko horren salbuespena. Alderantziz. Biolentzia ezagutu dugu ia betidanik, gure artean patriarkatua eta klase gizartea gure artean sortu zirenetik. Orduan euskaldunon arteko klase borrokak ziren. Geroago, Frantzia eta Espainia estatu inperialisten konkista progresiboa aurrera joan ahala, nazio zapalkuntza eta etnozidioa gehitu behar izan genien gure aurkako bortizkeria zerrenda luzeari. Eta mendez mende Euskal Herri Langileak jasaten duen biolentzia gero eta handiagoa da.

Frantziako Errepublika eta Espainiako erresuma estatu kapitalistak dira, inperialistak eta terroristak. Biolentzia legitimoaren monopolio absolutua nahi dute, eta Euskal Herri Langilearen autodefentsa adierazpen ñimiñoena ere terrorismotzat jotzen dute. Adibideak nonahi eta noiznahi ditugu.

Horregatik da hain inportantea guretzat, euskal langileontzat, Gudari Eguna ospatzea. Horregatik da hain inportantea gure nazio eta klase etsaientzat Gudari Eguna kriminalizatzea. Klase borrokaren sokatira da hau.

Frankismoa oligarkia espainolistaren diktadura faxista, hiltzaile eta terrorista zen. Haren kontra matxinatzea zilegi zen, eta betebehar politiko zein morala. Gudariek egin zuten hori, armak eskutan. Agur eta ohore!

Frankismoaren ondorengo erregimen zapaltzailea, Neofrankismoaren Monarkia borboitarra, 1978ko Konstituzio espainolean oinarritzen dena, oligarkia espainolista berberaren diktadura itxuraz “demokratiko”, parlamentario, hiltzaile eta terrorista bat da. Hasiera-hasieratik gaur arte. Euskal Herria okupazio militar masibo baten menpe bizi den Herria da. Berdin zaigu biolentzia zapaltzaile ikaragarri hau legitimatzeko diskurtsoa nazional-katolizismo faxista edota nazional-demokratizismo monarkiko espainolista izatea. Emaitza berbera da beti: inperialismo espainolista, patriarkal eta kapitalistaren erabateko zapalkuntza legitimatzea, eta Euskal Herri Langile askatzeko borroka deslegitimatzea.

Eta guk, klase eta nazio etsaien aurka, guztiz kontrakoa egin behar dugu: Euskal Herri Langilea askatzeko borroka legitimatzea, eta Estatu espainolaren bortizkeria zapaltzailea deslegitimatzea. Klase borrokaren sokatiran gogor aritu behar dugu, harik eta Euskal Herria askatu arte, Independentzia, Sozialismoa, Feminismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea lortu arte. Eta bide horretan, atzoko, gaurko eta biharko gudariak defenditzea, omentzea eta txalotzea. Beraien borroka guztiz legitimoa delako. Inolako zalantzarik gabe. Argi eta garbi. Ozen eta garden.

Gogoeta hauen argitan ulertzen ahal da hobeki Euskal Herrian azken urteotan egunero gertatzen ari dena. 2009ko azaroaren 14an Altsasun oportunistek eta erreformistek Mitchell senatari inperialista yankiaren printzipioak onartu zituztenetik, Frantzia eta Espainiako biolentzia zapaltzaileak gero eta legitimitatea handiagoa eskuratu du Euskal Herrian, eta Euskal Herri Langilea askatzeko autodefentsa armatu antolatua desagertu egin da, erabat deslegitimatuta.

Euskal iraultzaileok ezin dugu inolaz ere onartu traizio zital hau. Horregatik salatzen dugu behi eta berriz sozialdemokrazia autonomista baskoaren saldukeria: EHBildu, Sortu, LAB eta Ernai erakundeak.

Non eta Altsasun, sinbolismo sakon eta gogor batez, egiaztatu egin da beste behin ere, herrialde militarki okupatua garela, eta okupazio indarrei modurik xumeenaz ere aurre egitea larrutik ordaintzen dela. Zapaltzaileen etengabeko biolentzia legitimoa dela, eta zapalduon erantzuna, aldiz, “terrorismoa”. Logikoa. Goardia zibilak eta jendarmeak jaun eta jabe Euskal Herrian, eta euskaldun jendea espetxean. Klase borrokan murgildutako gizarte batean dena alderantziz ikusten baita, alienazioaren ondorioz. Okupatzaileen biolentzia da benetako terrorismoa. Eta zapalduon erantzunak, direnak direla, guztiz legitimoak. Hori da gure egia!

Adibide gehiago? Sozialdemokrazia autonomista baskoaren sasihumanismo ustelak Oreretan berriki eman diguna: Euskal Herri Langilea askatzeko bizia eman zuten gudariak baztertu eta kriminalizatu, eta gure etsai armatuak omendu eta legitimatu. Dena “berradiskidetze”, “elkarbizitza”, “demokrazia” eta “giza eskubideen” izenean.

2018ko Gudari Egun honetan, beraz, Frankismoak 1975ko irailaren 27an Burgosen eta Bartzelonan fusilatu zituen Angel Otaegi eta Jon Paredes, “Txiki”, euskal gudariak, eta egun berean Madrilen hil zituzten Baena, Sánchez Bravo eta García Sanz gerrillero antifaxistak omentzeaz gain, Euskal Herri Langilea askatzeko borrokan bizia eman duten euskal gudari guzti-guztiak omentzen ditugu, zutik eta tinko, harro eta burgoi, haien borroka guztiz legitimoa izan zelako, izan delako, badelako eta izanen delako.

Are gehiago, aurtengo Gudari Egunak balio behar du berriro ere oroitzeko ehunka gudari daudela Frantzia eta Espainiako espetxeetan preso, eta haientzat Amnistia Osoa exijitzen dugula, inolako baldintzarik gabea.

HERRITAR BATASUNAk aurtengo Gudari Eguna ostegunean, irailaren 27an, Elgoibarren ospatuko du, arratsaldeko 7:30etan, Maalako parkean. Aldi berean, Gudari Eguneko ekitaldi guztiekin bat egiten dugu, eta dei egiten diegu euskal langileei haietara joateko.

GORA ATZOKO, GAURKO ETA BIHARKO BORROKA!

GORA EUSKAL IRAULTZA!

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!