Alde Zaharrak Gaztetxea lortu du!

2007ko maiatzean, Iruñerriko gazteriak espazio autogestionatua irabazteko erabakia hartu zuen. Bai propietate pribatuak bai botere publikoek abandonaturik utzitako Marques de Rozalejo Jauregia okupatu zuten. Erresistentzia handiko orduen ostean, hustea gauzatu zen. 40 atxilotu egon ziren.

Urteak pasa dira, gazteak ez gara jadanik lehen bezain gazte, belaunaldi errebelde berriak datoz. Langileria krisiak gogorki jota dago eta bereziki gazteria. Gure bizi baldintzek behera egin dute modu nabarian. Baina oztopoen gainetik, borroka andana piztu ditugu denboran zehar eta horren erakusgarri da gaur egungo egoera: espainiar eskuina instituzio gehienetatik kanporatzea lortu dugu. Nabaria den aldaketak ordea, ez du eragin orain duela 10 urte gazteak Marques de Rozalejo okupatzera bultzatu zituen beharraren desagertzea.

Bidegabea da luxuzko hotelak eraikitzea Gaztetxerik ez dagoen artean. Bidegabea da Abiadura Handiko Trena eraikitzea Gaztetxerik ez dagoen artean.

Bidegabea da eraikin publiko andana hutsik eta erabilerarik gabe mantentzea Gaztetxerik ez dagoen artean. Horregatik, okupatu eta 10 urtera, gure aitzindarien testigua hartu eta ateak ireki ditugu berriro. Eraikina 20 urte pasa mantendu dute itxirik, hondatzen eta usteltzen, pertsonen oinarrizko beharrek bete gabe diraute bitartean. Ekintza honen bidez hipokresia amatatu eta gure arazoei erantzun azkar eta eraginkorra emateko gai garela adierazi nahi dugu.

Auzotarrak garen heinean kapitalismoak planifikatu duen auzo ereduaren kontra gaude. Interes espekulatzaileen aurka borrokatzen gara. Turisten, kontsumitzaile eta bankuen onerako diseinatutako auzo ereduaren aurka borrokatzen gara. Auzotarren egoerari negozioa gainjarri dion ereduaren aurka.

Multinazionalen frankiziak bultzatzen dituen ereduaren aurka, alokairuak igotzen diren artean luxuzko etxebizitzak bultzatzen dituen ereduaren aurka, denon kalea okupatzen duten terrazak bultzatzen dituen ereduaren aurka. Zure mugimendu oro kamerekin kontrolatzen eta aldarrikapen oro jazarri duen ereduaren aurka. Gazteriari lokalean edo tabernan eseri beste aukerarik uzten ez dion ereduaren aurka. Auzo eredua errotik aldatzera laguntzen dugu ekintza honen bidez. Espazio hila libratu eta bizia ematen diogu. Espekulazioaren hatzaparretatik atera eta auzotarren botere herrikoiaren eskuetan jartzen dugu.

Rozalejoko ateak ireki ditugu berriz auzotar ororentzat, beharrezkoa duten auzoko eta hiriko kolektibo herrikoientzat, aldaketa soziala errotik eraikitzera lagundu nahi duten pertsona ororentzat. Arazo errealak autogestioaren bidetik auzoarentzat konpontzeko ordua heldu da.

Guztion artean, guztia!  Autogestioaz Herri Boterea eraiki