ELKARTASUNA CATALUNYAko HERRI LANGILEAREKIN!

HERRITAR BATASUNAk, atzo, abuztuaren 17an, Bartzelonako Rambletan herritar zibilen aurka egina izan den ekintza kriminalaren aurrean eta Alcanar zein Cambrilseko gertaeren aitzinean honako hau adierazi nahi dio jende orori eta bereziki Euskal Herri Langileari:

1.- Lehenik eta behin, maila humano eta pertsonalean, gure elkartasunik handiena adierazi Bartzelona zein Cambrilseko eraso terroristan kaltetutako pertsona guzti-guztiei, bereziki hamahiru hildakoen senideei eta ehun inguru zaurituei ere. Une samin eta mingarri hauetan gure kezka eta gogoa Euskal Herritik zuengana doa, bihotz-bihotzez. Animo!

2.- Maila politikoan, gure elkartasun militantea Catalunyako Herri Langilearekin, bera baita, Alcanar, Bartzelona eta Cambrilsen gertatukoaren bidez zuzen jo, kaltetu eta sakonki zauritu nahi izan duten jomuga. Eta hori ez da atentatuaren ustezko egile zuzenek bakar-bakarrik egin nahi izan dutena, zeinetarik sei bederen tiroz hil baititu poliziak eta beste bat leherketa ilun batean hil den. Horretaz gain, interes politiko zikin eta ilun asko jarriko dira dantzan hurrengo ordu, egun eta asteetan, Herri Langile Katalanaren askapen borroka nazional eta soziala ahuldu, nahasi eta desbideratu nahian. Oso egoera bitxi, berezi eta korapilatsuan gertatu dira ekintza terrorista hauek, eta Catalunyaren etsaiak hortzez eta haginez saiatuko dira aukeraz baliatzen, Independentziaren aldeko mugimendua erasotzeko, eta urriaren 1eko autodeterminazioaren erreferenduma kaltetzeko, bereziki nazionalismo espainolista eta bere satelite guztiak.

3.- Media gehienen arabera, terrorismo yihadistaren ekintza baten aurrean aurkitzen gara, zeina baita pasa den mendetik hona Islamaren baitan hasiera-hasieratik mendebaldeko inperialismo kapitalistaren eragin, eta babespean garatu izan den joera autoritario, misogino, ultraeskuindar, sektario eta faxistaren adierazpen armatu globala, musulman iraultzaile eta antinperialistek “tafkirismo” hitzarekin ere ezagutzen dutena.

4.- Horrelako atentatu odoltsu eta errukigabeak gertatzen direnean, klase borrokak bere indar, sakontasun eta konplexutasun osoa agertzen ditu: urte luzez Islamaren barnean joera eta jokaera faxistenak sistematikoki sustatu eta indartu dituzten berberak dira, hain zuzen ere modu hipokrita eta zinikoan ekintza terrorista hau “kondenatu” dutenak: Estatu Batuak, OTAN, Ingalaterra, Frantzia, eta gainontzeko estatu inperialistak.

5.- Argi eta garbi esan behar dugu gaur egungo yihadismo eta tafkirismoaren sekta eta korronte guztien sorrera zein iturriak inperialismoaren interesen arabera antolatutako kontraintsurgentzia operazio bereziak direla. 1979an, Iran eta Afganistango iraultza antinperialisten aurka borrokatzeko sortutako sare eta antolakundeak laster bilakatu ziren geroago Al Qaeda izendatu zen taldearen sorburu.

6.- Ez da lehen aldia historian inperialismoak mugimendu soziopolitiko terroristak erabiltzen dituela Herri Langileen aurka. XX. mendean, iraultza sozialisten kontra, faxismoa Italian, nazional-sozialismoa Alemanian eta Austrian, nazional-katolizismoa Espainian, Portugalen, Polonian, Belgikan, Eslovakian, Kroazian … bultzatu zituen. Denak balio zuen komunismoaren aurka, harik eta bere kontra egiteko sortu zuten munstroak estatu parlamentario liberal hegemonikoak erasotu, konkistatu eta okupatu arte.

7.- Munduan gerra hotsak entzuten dira, Koreatik Venezuelara. Inbasio eta esku hartze inperialistak gertatzen ari dira oraintxe bertan Sirian, Yemenen, Libian, Ukrainan, Iraken, Afganistanen, Ertafrikan, Pakistanen, Sudanen, Somalian, Nigerian, Kongon … Burgesiak sinestarazi nahi dio Herriari bere indar polizial eta militarren beharra duela bakean bizitzeko. Bainan egia garratza hauxe da: kapitalismoak etengabeko gerrak behar ditu hazkunde ekonomikoa iraunarazi eta luzatzeko, Hirugarren Munduko herrialde pobreetan dauden lehengai eta baliabideak lapurtzen segitzeko, mundu osoko langileok zapalkuntza eta esplotazioan mantentzeko.

8.- Beraz, egitura inperialistetan parte hartzeak gerra ekarriko digu ezinbestez. 1986ko martxoaren 12an Catalunyak, Hego Euskal Herriak eta Kanariar irlek egin zuten bezala, EZ esan zion OTAN antolakunde militar terroristari. Estatu Espainolaren Monarkia neofrankistak, PSOEko Felipe Gonzalez gobernuburu zuela, hiru nazio horien borondate bakezale eta antinperialista zapaldu zuen. Geroago, PPko José María Aznar gerra- kriminalak sartu gintuen Iraken aurkako inbasio genozidan. Azken urteetan, armada espainola honako tokietan egon da edota gaur egun badago, kobertura eta justifikazio desberdinekin: Albania, Bosnia-Herzegovina, Kosovo, Letonia, Mazedonia, Moldavia, Angola, Etiopia, Mali, Mozambike, Ertafrikako Errepublika, Kongo, Mendebaldeko Sahara, Somalia, Afganistan, Txetxenia, Georgia, Indonesia, Irak, Kurdistan, Libano, Nagorno-Karabakh, Pakistan, Turkia, El Salvador, Guatemala, Haiti, Honduras, Nikaragua, Peru, Ekuador eta Antartika. Norbaitek uste al du horrelako armada inperialista duen estatu baten baitan bizitzeak bakea eta segurtasuna ekarriko diola? Independentzia behar dugu lehenbailehen Catalunyan, Euskal Herrian eta Kanarietan, besteak beste OTAN erakunde terroristatik irteteko. Gauza bera egin behar dute gainontzeko nazioek ere.

9.- Lerro hauen idazten ari garen bitartean, DAESH izeneko antolakunde terroristak hartu omen du bere gain Bartzelonako atentatuaren egiletza. Yihadismoa deitzen den hori faxismo mota bat da. Faxismo arrazistak berriki Estatu Batuetan Heather Heyer militante sindikalista eta antifaxista gaztea erail duen bezalaxe, atzo Bartzelonan faxismo takfiristak hil zituen hamahiru lagun. Faxismoaren iturria beti berbera da: inperialismoa. Ezin da faxismoaren aurka borrokatu kapitalismoaren kontra borrokatu gabe. Ezin dira faxismoaren hostoak moztu bere erro kapitalistak ebaki barik.

10.- Irtenbidea, gure ustez, argi dago: yihadismoak, supremazismo zuriak, neonazismoak, etorkinen aurkako arrazismoak, sionismoak, fundamentalismo kristauak, eskuin muturreko alderdi eta mugimenduek, denetariko eta askotariko neofaxismoek eta ideologia atzerakoi, erreakzionario eta nihilista guztiek iturburu berbera dute: sistema patriarkal, kapitalista, etnozida, inperialista eta ekozida. Sistema global irauli behar dugu klase borrokaren bidez, benetako bakea, langile libre eta solidarioon SOZIALISMOA eraikitzeko. Dei egiten diogu Euskal Herri Langileari, Herri Langile Katalanari eta munduko gainontzeko Herri Langile guztiei gogor borrokatzeko, askatasun guztien alde, eta faxismo guztien aurka. Eta une gogor eta mingarri hauetan gure elkartasun eta konpromiso militantea berresten dugu Catalunyako askapen nazional, sozial eta feministaren alde.

Euskal Herrian, 2017ko abuztuaren 18an.

HERRITAR  BATASUNA