Historialari ingeles batek haren herrialdeko erdi aroko nekazari-matxinadei buruzko ikerketa bat amaitu zuen honako esaldi honekin: zorionekoa bere herria matxinatzen ahaztu ez duen nazioa.
Gudari Eguna 2021
Euskal Iraultza Sozialistaren suari eutsi!
Historialari ingeles batek haren herrialdeko erdi aroko nekazari-matxinadei buruzko ikerketa bat amaitu zuen honako esaldi honekin: zorionekoa bere herria matxinatzen ahaztu ez duen nazioa.
Egia sakona, duda barik. Nazio zapaldu batean bertako langile-jendeak galdu ez badu haren matxinada-sena, haren matxinaden oroimen historikoa, nahiago baduzue, askoz zailagoa izango da horren nazio-nortasuna galtzea. Era berean, hartako masa zapaldu eta esplotatuen egoera materiala zein eguneroko askatasunen maila beti izango da hobea herri xeheak bere izaera matxinoari eusten badio. Kasu batean zein bestean menperatzaileek tentuz ibiliko baitira zapalkuntza areagotzen. Herri otzan bati, herri umiliatu bati, berriz, abusurik okerrenak erraz inposatzen zaizkio.
Izan ere, Marxek aipatzen duen lan-indarraren balioaren osagai historiko eta morala badu zerikusi franko honekin. Hau da, proletarioak bizitzeko saltzen duen merkantziak, haren lan-gaitasuna fisiko eta psikikoak, gainontzeko merkantziak bezala, badu balio bat, saltzen den prezioa determinatzen duena eta hura produzitzeko baldintzak determinatuta dagoena. Hala ere, gainontzeko merkantzien kasuan baldintza horiek gehien bat teknologiak determinatuta dauden arren, lan-indarraren kasua ezberdina da. Zeren eta lan-indarraren balioa zehazten duena baita bera edo, gauza bera dena, bere lan-gaitasuna erreproduzitzeko langileak kontsumitu behar dituen merkantzien balioen batura eta halako bakoitzaren balioa produkzio sozialak finkatzen badu ere, hauetako merkantzien kopurua eta aniztasuna, ordea, klase-borrokaren araberakoa da. Baina ez borroka horren emaitza koiunturalen araberakoa, epe luzekoenak baizik. Zeinen determinazioan kultura eta historia funtsezkoak diren. Herri Langilearen borroka-tradizioak eta oroimen historikoa batez ere.
Honetaz gain, tradizio horiek eta oroimen historiko hori klase-kontzientzi iraultzaile baten funtsezko osagaiak dira. Zeinaren ezean (kontzientzia latentea den aldetik, behintzat) lorpen erreformista posiblerik ez dago. Ez aipatzearren arazoaren benetako konponbidea: kapitalismoaren errotiko ukazioa, askapen integrala; klase, estatu eta patriarkaturik gabeko herri libreen mundu-komunitate bat. Mundu-Iraultza Sozialistaren bidez. Gurean Euskal Iraultza Sozialistan gauzatzen dena, Euskal Errepublika Sozialista independentearen sorreran.
Askori, agian, hau oso helburu urruna irudituko zaie eta, egia esan, prozesu historiko luze baten ondorioa izan behar du. Hala ere, bizi gaituen kapitalismo agoniko honen aurrean, gerra, langileon bizi- zein lan-baldintzen degradazio gorakorra eta suntsiketa ekologikoa sorburua dena, beste antolakunde sozial bat eraikuntzari ekitea premia gorria dugu.
Laburbilduz, iraganeko borroka iraultzaileen suari eutsi behar diogu. Une honetan su geldoa baizik ez izan arren, hau ondo hauspotuz gero, bere txinpartek etorkizuneko sute iraultzaile handia piztuko dute. Lehenik eta behin kapitalismo dekadentearen joera suntsikorrak moteltzeko eta, gero, humanitatearen eta gure herriaren etsai bilakatu den sistema hau gainditzeko.
Zapaltzaile eta esplotatzaileek, noski, ez dute errealitate hau ikusi nahi. Ezin dute. Haien ustez, mundu posibleen artean onenean bizi gara. Mila urte iraun behar dituen inperio hartan. Non arazo bakarra den, hain zuzen ere, zapaldu eta esplotatuen matxinada. Inolako arrazoirik ez omen duena, hauen ergelkeria baizik.
Ez da harritzekoa, beraz, guk mantendu eta berpiztu nahi dugun memoria iraultzailea burgesiaren sektore guztiek ezabatu nahi izatea.
Sektore atzerakoia, bereziki espainola, modu gordin eta zitalean aritzen da ataza honetan. Oroimen iraultzailearen erakuslerik xumeena ere suntsitzen eta, kasu askotan, zigortzen. Euskal gudari iraultzaileei buruzkoa bada bereziki.
Ez da hobea, baina, pozoitsuagoa akaso, burgesiaren zatiki demokratiko edota ezkerrekoek, batez ere “etxekoak” (hots, independentistak omen direnak), arlo honetan egindako lana. Hitz leun eta progreen bidez (elkarbizitza, demokrazia, bake-kultura...) saiatzen dira iraultza sozialistaren sua estaltzen, hau oxigenorik gabe uzteko. Saltsa honetan ez dira falta ere borroka iraultzailearen forma anitzei ustezko "borroka-eredu maskulino" baten araberakoak izatea leporatu dietenak!
Horregatik guztiagatik gure memoria iraultzaileari eutsi behar diogu, kosta ala kosta. Euskal Gudari Iraultzaileen memoria bereziki. Aurtengo Gudari Eguna honetan plazara atera behar dugu erabat iraungi ez den su loriatsu hori.
Gora Gudari Eguna!
Gora atzoko, gaurko eta biharko Euskal Gudariak!
Iraultza da bide bakarra!
Gora Euskal Iraultza Sozialista!
Herritar Batasuna
27/09/2021