ABERRI EGUNA 2019 ELGETA : INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

Independentzia eta Sozialismoa. Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Hauexek dira Herritar Batasunaren helburu taktikoak. Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialista eraiki, Iraultza Sozialistaren bidez. Horregatik eta horretarako, Euskal Iraultzarako Herritar Batasuna gara. Euskal iraultzaile guztion batasuna.

ABERRI  EGUNA 2019 ELGETA :

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!

Independentzia eta Sozialismoa. Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Hauexek dira Herritar Batasunaren helburu taktikoak. Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialista eraiki, Iraultza Sozialistaren bidez. Horregatik eta horretarako, Euskal Iraultzarako Herritar Batasuna gara. Euskal iraultzaile guztion batasuna.

Gure helburu estrategikoa Euskal Herri Langile libre eta burujabea lortzea da, klaserik, estaturik eta patriarkaturik gabea. Guretzat, Independentzia eta Sozialismoa eskuratzea, hau da, Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza, tresna bat da Euskal Langileriaren erabateko askatasunaren bidean, Euskal Proletalgoaren emantzipazio osoaren xendran. Klase borroka iraultzaileak gidatzen du gure ildo politikoa.

2019ko Aberri Egun honetan ozenki eta argiro adierazi nahi dugu borrokan segitzen dugula helburu taktiko hauen alde, inoiz baino irmoago, euskal burgesia ttipiaren sozialdemokrazia autonomistaren traizioa agerian gelditu ondoren. Oraingo eginkizuna Ezker Abertzale Iraultzailea berreraikitzea da, urratsez urrats Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea berriz abiatzeko.

Azken 60 urteetako borrokaren ikasgaiak barneratu ditugu. Independentzia burgesen garaiak amaitu dira betikotz. Euskal Langileriak bakarrik segurtatzen ahal du Euskal Nazioaren biziraupena, bainan ez forma burgesetan, baizik eta eduki proletarioetan. Hau da, Iraultza Sozialista eginez lortuko ditu Euskal Herri Langileak Independentzia, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Aberri Sozialista bat eraikiko dugu, Euskal Proletalgoak gidatu eta artikulatuko duen Nazio bat.

Horretarako, formakuntza, antolakuntza eta borroka, beste biderik ez dugu. Egunez egun eta urtez urte Euskal Herri eta Langile Kontraboterea eraiki arlo guztietan, klase borrokak alor guztietan areagotuz eta gogortuz, harik eta botere politiko eta ekonomikoa eskuratu arte, harik eta Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialista lortu arte, zeina oinarrituko baita Internazionalismo Proletarioan.

Bide horretan, dei egiten dizuegu organizatzeko egoki ikusten duzuen antolakundeetan, eta okupazio militarpean egin behar diren hurrengo hauteskunde guztietan abstentzio aktibo eta iraultzailea sustatzeko. Ildo berean indartu behar dugu euskal gudarientzako AMNISTIA OSOA, argi eta garbi jakinda euskal militante iraultzaileen askatasuna  gure etsaien aurkako garaipenaren ondorioa izanen dela.

Ez dugu gehiago esan nahi. Orain hitza zuena da. Denon artean eraikiko dugu Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea. Herritar Batasuna tresna bat da bide horretan, Euskal Iraultza Sozialistaren bidean, eta haratago, klaserik, estaturik eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabearen aldeko borrokan.