INFAMIA

Deskargatu

INFAMIA

        Nik ere ikusi dut bideoa. Minutu bakar batean, “Ezker Abertzalea” oraindik autoizendatzen den zera hori bete betean sartu da Jorge Luis Borgesen liburuan: “Infamiaren Historia Unibertsala.”

         Zer erran? Lehenik eta behin, ditzadan aipa Pasaiako badian sarraskitu zituzten euskal militante iraultzaileen izenak. Dionisio Aizpuru, Kurro; Rafael Delas, Txapas; Pedro Mari Isart, Pelitxo eta Joseba Izura, Pelu. Beti gure gogo-bihotzean. Omenaldirik onena, garaipena!

        Kurrok 36 bala-inpaktu hartu zituen. Pelitxok, 28. Bertze hainbertze jaso zituen Peluk, eta Txapasek, 21. Fusilamenduak izan ziren, odol hotzean eginak, eta postaz. Etsaiak, etsai.

        Dionisio Aizpuru, Kurro, 1962an Azpeitian sortu zen. Lanbide Heziketako ikasketak Azkoitian egin zituen. Han ikasleen borroketan parte hartu zuen. Bereziki, hezkuntza sistemaren autoritarismoaren aurka. Hortik hurbildu zen mugimendu autonomora. 1983an, bere militantzia iraultzailearengatik, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen.

        Rafael Delas Aizkorbe, Txapas Iruñean jaio zen 1957an. Bere auzoko borroketan biziki murgildu zen gaztetandik, anarkismoaren teoria iraultzailea ipar zuela. 1977an ikusi zuen nola hil zuen tiroz Poliziak Jose Luis Cano langilea Iruñeko Alde Zaharreko karrika batean, eta 1978ko Sanferminetan gogor aritu zen indar okupatzaileen eraso eta errepresioaren aurka. Esperientzia hauek eraman zuten mugimendu iraultzaile autonomoan buru belarri murgiltzera, eta 1983ko abuztuan ihes egin behar izan zuen Ipar Euskal Herrira.            

        Pedro Mari Isart Badiola, Pelitxo, 1961ean sortu zen Azpeitian. Ikasketak amaitu gabe lanean hasi zen altzari entrepresa batean. Berehala borroka sozial eta politikoan inplikatu zen, GAI (Gaztedi Abertzale Iraultzailea) izeneko antolakundean parte hartuz. Honen ondorioz 17 urte zituela atxilotu egin zuten, eta sei hilabete eman zuen espetxean preso. 1982an Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Bertan lana aurkitu zuen, trenbideen mantenimenduan. Pasaian asasinatua izan baino lau aste lehenago, bizirik atera zen PSOE-GAL organizazio terroristak Hendaiako trenbideetan egindako atentatu kriminal batetik, non Jean Pierre Leiba langilea hil egin baitzuten.

        Joseba Izura, Pelu, Iruñean munduratu zen 1958an, Txantrea auzoan. Ileapantzailea zen ogibidez, eta hortik heldi zitzaion goitizena, Pelu(quero). LAB, HB eta ETA militarreko kide izan zen. Bera militatzen zen ETAko komando legala Poliziak desegitean, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen. Han, ETA (m)kin izandako desadostasunengatik erakunde armatua utzi eta Komando Autonomo Antikapitalistetara bildu zen.

        Lau militante iraultzaile hauek asasinatu zituztenean nik 19 urte nituen eta Txantreako manifestazioan eta ondoko istiluetan parte hartu nuen. Biharamunean PSOE-GALek Xabier Perez de Arenaza militante iraultzailea asasinatu zuen Miarritzen. Gertarera hauek nire bizitza markatu zuten, eta nire engaiamendua Euskal Iraultza Sozialistaren alde.

        Nik ere ikusi dut bideoa. Nola isiltzen ahal dute, lotsagabe, sarraski ikaragarri horretatik bizirik irten zen militante iraultzaile bakarra, noiz eta bere burkideen omenaldiaren erdian? Zer erran? Dena erranda dago, honezkeroz. Maroto, Carrillo, Bandres, Onaindia eta gainontzeko traidore guztiak afizionatu hutsak ziren damutu ustel hauen parean. Oportunista profesionalak. Doilorrak. Zitalak. Zizareak. Horrela sartuko zarete Infamiaren Historia Unibertsalean.

Fermin Xabier Santxez Agurruza

Dekargatu