IRAULTZA DA BIDE BAKARRA

Hona hemen Herritar Batasunaren antolakuntzarako printzipioak:

 

Hona hemen Herritar Batasunaren antolakuntzarako printzipioak:

 

  1. Herritar Batasuna, alderdi politikoz eta norbanakoez gain, askotariko eragilek ere osatuko dugu: langile asanbladak, talde feministak, sindikatuk, gazte taldek, antolakunde sozial eta sektorialek..., hala nazio eremuan nola herri eta eskualde mailan ere. Aniztasun aberats hau funtzionamendu asanblearioan oinarritzen da.

  2. Aipatutako eragile hauek guztiek Herritar Batasunaren erabakiguneetan parte hartuko dute, berdintasunean eta ahalmen zein eskubide osoz. Taldeen sektorializazioa saihestu behar da gure jardunean. Antolakunde guztiek parte hartu behar dute lerro taktiko eta estrategiko nagusi guztiak erabakitzeko, aldi berean nork bere borroka sektorialari garrantzia emanez. Aniztasun hau, Herritar Batasunarentzat oztopo izan beharrean, aberastasun iturria da, borroka fronte asko sortzeaz batera, errepresioa zailduz, eta buru anitzeko herensuge gisa jokatuz.

3.  Herritar Batasunaren egitura eta ardura kolektibo guztietan gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna bermatuko da. Genero baten nagusikeria saihesteko, eta gizon zein emakumeon arteko oreka lortzeko, 60/40 % irizpidea aplikatuko da. Kontuan hartuta patriarkatuaren ondorioz emakumeon parte hartzea eta protagonismoa izugarri urritu eta zaildu egiten dela, lan iraunkorra egingo dugu haiek handitu eta indartzeko.

4.  Ardura indibidualen kasuan, irizpide bera erabiliko da, beti ere emakumeon protagonismoa, autoestima eta ahalduntzea bultzatuz arlo guztietan.

5.  Herritar Batasuna akordio taktiko eta estrategikoak adosteko gunea da, eta aldi berean gure arteko desadostasunak kudeatzeko lekua ere. Herritar Batasunaren egitura poliedrikoa izanik, aliantza eta harremanak ere horrelakoak izango dira. Honek esan nahi du harreman eta aliantza sareak asko zabal daitezkeela Herritar Batasuneko eragileen aldetik, azken hau bere osotasunean eta ildo estrategikoan konprometitu gabe.

6.  Herritar Batasunaren erabakiguneak herri/auzo, eskualde eta nazio/estatu batzarrak izango dira. Herrialdeak ez dira antolaguneak izanen, oinarrizko egitura eskualdeak, herriak eta auzoak izango baitira, ahalik eta autonomiarik handienaren jabe. Herrialdeak konkistaren ondorioz sorturiko egiturak dira.

7.  Herritar Batasunak lan batzorde nazionalak izango ditu, beti ere nazio batzarraren kontrol eta agindupean.

8.  Herritar Batasuna autogidatzen da denon artean, maila guztietako batzarretan, molde asanblearioan. Ez dago gidaritza edota zuzendaritza nazionalik, Koordinazio Nazionala baizik, eta gauza bera herri, auzo eta eskualdeetan ere.

9.  Herritar Batasunaren izaera estrategikoak ez du inolaz ere ukatzen taktikoki antolatzea bestelako egitura edota aliantza sozio politikoetan. Esate baterako balizko gune subiranistan, edota eskubide sozialen aldeko fronte herritarrean.

10.  Herritar Batasunaren funtzionamendu demokratikoa eta izpiritu kritikoa handitze aldera, oinarri militantearen formazioa, ezagutza eta prestakuntza etengabe bultzatu eta sustatuko dugu egiturako maila guztietan, eta bereziki klase ikuspegi feminista. Borroka teoriko-ideologikoa eta ideien bataila funtsezkoak dira guretzat.

11.  Herritar Batasunak, sistemaren aldeko alderdi politiko klasikoen ezaugarriei ihesi egingo die, bereziki autoritarismoa, matxismoa, sektarismoa, burokratizazioa eta oskurantismoa ebitatuz, Frantzia eta Espainia estatu zapaltzaileen zein nazioarteko kapital monopolistaren aurkako konfrontaziorako tresna bilakatuz eta batasuna deskonkistaren aldeko borroka emantzipatzailean eraikiz.

 

Programa politiko askatzaile eta iraultzaile hau, NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA, FEMINISTA eta  EKOLOGISTA, KONFEDERALA eta EUSKALDUNAren aldarrikapenean laburbiltzen da. Nafarroaren Independentzia, eta Euskal Herriaren Sozialismoa eta Feminismoa erdiesteko, goazen, gaurtik hasita, Herritar Batasun denon artean antolatzera!

 

Etxarri Aranatzen, 2018ko martxoaren 17an.