HERRITAR BATASUNAren LEHEN AURKEZPENA IRUÑEAN

Heldu den ortziralean, martxoaren 3an, arratsaldeko 7etan Iruñeko Kondestable jauregian eginen da HERRITAR BATASUNA antolatzeko eztabaidaren lehen aurkezpena, Euskaraz. Geroago, Espainolezko saioa izanen da, arratsaldeko 8etan, toki berean.

hb-01Bertan debatea irekitzeko prestatu den behin-behineko zirriborroa aurkeztuko dute militante batzuk, Herritar Batasunaren Iruñerriko Batzarrearen izenean. Ondoren galderak, kritikak eta eztabaida zabala eginen dugu, denon artean. Kondestable jauregia 9etan ixten dutenez, solasaldiak zein elkarrizketak luzatuko dira ondoko taberna eta jatetxeetan, baita kale, plaza eta karriketan ere, eguraldi ona izanez gero.

Amaitzeko, erran nahi dugu lehen aurkezpen hau biziki egun eta toki sinbolikoetan eginen dugula: noiz eta martxoaren 3an, non eta Iruñeko Kondestable jauregian.

Martxoaren 3a da, gure ustez, Euskal Langileriaren eguna. Euskal Herriko Langile Klasearen eguna. Egun horretan Gasteizen fisikoki izanen ez bagara ere, gure gogo-bihotzak han izanen dira, eta aurkezpenean omenaldi sentitua eginen diegu han neofrankismoak asasinatu zituen bortz langileei:

  • Pedro Maria Martinez Ocio, 27 urtekoa, Forjas Alavesas lantegiko langilea.
  • Francisco Aznar Clemente, 17 urtekoa, okindegi-langilea eta ikaslea.
  • Romualdo Barroso Chaparro, 19 urtekoa, Agrator enpresako langilea.
  • Jose Castillo, 32 urtekoa, Grupo Arregui taldeko enpresa bateko langilea.
  • Bienvenido Pereda, 30 urtekoa, Grupos Diferenciales enpresako langilea.
Gure oinarrien behin-behineko zirriborroan argiro agertzen denez:
Herritar Batasunak KLASE IZAERA edukiko du, langileon protagonismoa bultzatuz. Eguneroko praktikan egiaztatu behar dugu langileon gidaritza politikoa maila guztietan, klase kontzientzia nazionala indartuz etengabe. Herritar Batasuna, Euskal Herri Langilearen Batasuna da, eta bereziki, Euskal Langileriarena. Nazioaren askatasuna Independentzia den bezalaxe, langileen askatasuna Sozialismoa da. Independentzia behar dugu Sozialismoa askatasunean eraikitzeko, eta Sozialismoa, benetan independenteak izateko. Prozesu askatzaile beraren bi aldeak dira.”
“Herritar Batasunaren erabakiguneak herri/auzo, eskualde eta nazio/estatu batzarrak izango dira. Oinarrizko egitura eskualdeak, herriak eta auzoak izango baitira, ahalik eta autonomiarik handienaren jabe. Herritar Batasuna autogidatzen da denon artean, maila guztietako batzarretan, molde asanblearioan. Gurea euskaldunon Estatu-batzarrea da. Auzo batzarrea da Herri Boterearen lehen oinarria, gainontzekoak subsidiarioak dira.
Aldi berean, aurkezpenaren tokia ere biziki sinbolikoa da, Kondestable jauregia 1548an eraikiarazi baitzuen Luis Beaumontek, Leringo IV kondeak berak, hau da, Nafarroa traizionatu eta konkistatzaile espainolekin miserableki kolaboratu zuen ustel zital eta betikotz madarikatuaren Leringo III kondearen semea. Mendeku eta errebantxa ederra izanen da Herritar Batasuna hantxe aurkeztea. Pro libertate patria, gens libera state!

 

Euskaldunok mendez mende sortu, eraiki, indartu eta bitarteko guztiez defendatu genuen estatu nazionalaren legitimitate historiko, juridiko, politiko eta diplomatikoa defenditzea: NAFARROA.

Estatu hau bortxaz eta indarkeriaz eraitsia eta konkistatu zuten Espainiak eta Frantziak. Nafarroa izan da euskaldunon estatu nazionala, eta Euskal Herriaren berreraikuntza nazional zein askapen sozialaren abiapuntua hor kokatzen dugu.
Ez dugu Nafarroako estatua idealizatzen. Beste edozein formazio ekonomiko sozial historiko bezala, hura ere klase borrokan murgilduta zegoen. Konkista, hain zuzen ere, klase borroken ondorioa izan zen.
NAFARROA OSOAren DESKONKISTA sustatu nahi dugu, askatasuna maila guztietan erdiesteko. Konkista ez da iraganeko kontu hutsa, ezta gure eguneroko bizitzan bat ere ondoriorik ez duen detaile historiko ezdeusa, baizik eta inoiz, inolaz ere, preskribitzen ez den krimen estrukturala, gaur egun ere gure Nazioaren bizitza eta bereziki langile eta sektore herritarren eskubide guztien gauzatzea eragotzi eta sakonki mugatzen dituena.
Etengabeko konkistak ekarri gaitu subordinazio egoera honetara, eta NAFARROA OSOAREN INDEPENDENTZIAk bakarrik, kapitalismotik ateratzearekin batera, irekiko dizkio Euskal Herri Langileari Askatasun Osoaren ateak. Deskonkistak, eta beraz, merkantziaren dinamikatik askatzeak ekarriko digu libertatea eta askapena maila guztietan: estatala eta nazionala, soziala eta ekonomikoa, klase eta generokoa, norbanakoa eta kolektiboa, kulturala eta linguistikoa. Hori da, hain zuzen ere, AUTODETERMINAZIOA, Euskal Herri Langilearen emantzipazioaren prozesu global eta integral gisa ulerturik. Orduan bakarrik izanen gara jende librea jendarte libre batean.”
Datorren martxoaren 3an, Iruñean elkar ikusiko dugun esperantzan, har ezazue denok besarkada gorri bana!
Goazen Herritar Batasuna denon artean antolatzera!
Antolatu eta borrokatu gurekin batera!

Share This:

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *