Onartutako testua

Texto aprobado

HERRITAR BATASUNA, alderdi, talde eta antolakunde sozio politiko, herri mugimendu zein militante independente eta burujabeen konbergentzia eta elkargunea gara. Batzuk, euskal estatu independentea izan zen Nafarroako konkista progresibo eta iraunkorraren aurka jarduten duen nafar patriotismo iraultzailearen ildokoak; beste batzuk, 1930 inguruan sortutako ezkerreko abertzaletasun ekintzalekoak, edo garai berean III. Internazionalean antolatu zen euskal komunismo iraultzaile abertzalekoak; edo 1950 aldean abiatu zen Euskal Nazio Askapenerako Mugimendukoak ere; baita geure borroka Ezker Abertzale independentista eta sozialista kokatu nahi dugun gazteok ere; honekin batera, joera libertario, ekologista, komunalista eta bestelako ezkerreko sentsibilitate sozio politikoetatik, proiektu global honetara hurbildutako kolektibo eta herritarrok oro har. Guztiok patriarkatuaren eta bere azken fasea den kapitalismo inperialistaren aurkako borroka feminista iraultzailearekin bat eginik.

Azken garaietan Euskal Herri Langilea askatzeko mugimenduak bizi duen krisi estrategiko larria kontuan harturik, Ezker Abertzaleko sektore batek bultzatu duen norabide eta estrategia aldaketa erreformista eta praktika elektoralista-instituzionalista hutsaren eraginez, Herri honen askatasunaren aldeko borroka guztien oroimena, eta bereziki 1978ko Herri Batasunaren gogo independentista eta sozialista iraultzailea berreskuratu, aberastu eta eguneratzeko asmoz, HERRITAR BATASUNA antolatzen hastea erabaki dugu, gure askapen nazional eta sozial osoa bururaino eta behin betiko eramateko erabakimen osoarekin.

Hona hemen gure oinarri teoriko eta estrategiko nagusiak:

  1. XX. mendeko euskal abertzaletasun iraultzailearen planteamendu historikoak berreskuratzea, XXI. mendeko egoerara egokituz eta eguneratuz, Euskal Iraultza Sozialistaren zein internazionalismo proletarioan oinarritutako Mundu Iraultzaren zerbitzuan.
  2. Ildo honetatik, Ezker Abertzale independentista eta sozialista iraultzailearen lau helburuak aldarrikatzea, aurrera eramateko eta gauzatzeko deliberamendu osoarekin: INDEPENDENTZIA, SOZIALISMOA, BIRBATASUNA eta BERREUSKALDUNTZEA.
  3. Herri mugimenduen borroken garapenaren ondorioz gehitutako beste bi helburu estrategikoak ere geureganatzea: FEMINISMOA eta EKOLOGISMOA. Feminismoa ulertzen dugu klase gizarteak baino zaharragoa den eta beren iturburu den Patriarkatuaren aurkako borroka iraultzaile gisa. Beraz, ez dago inolako aldaketa iraultzailerik zapalkuntza guztien sorburua den patriarkatua suntsitu gabe. Ildo beretik, ekologismoa klase ikuspegiarekin ulertzen dugu, langile klasearen emantzipazioaren zerbitzuan, kapitalismoak, bere aldaera guztien bidez, eragin duen katastrofe ekologikoarentzako irtenbide askatzaile bakarra ekosozialismoak bakarrik lor baitezake. Gure azken helburua, beraz, libreki elkarturiko ekoizleen sozietate askea eraikitzea da, klase, estatu, patriarkatu eta bestelako zapalkuntzarik gabea.

4.- Gure Nazioa, Euskal Herria, klase eta genero borroken ondorioa da. Historia luze honetan guk zapalduen aldeko aukera egiten dugu beti, eta zapaltzaileen aurkakoa, haiek askotan euskaldunak badira ere. Etengabeko klase eta genero borroka hauetan agertu ziren bagauden matxinadak, non askapen nazionala eta soziala batu baitziren inperialismo erromatarraren aurka. Geroago agertu ziren Baskoniako dukerria eta Iruñeko erresuma. Horiek ziren orduko klase eta genero borrokaren araberako gure marko nazionalak, garai hartako inperialismoen aurkako gatazka taigabeetan. Horregatik erabaki dugu euskaldunok mendez mende sortu, eraiki, indartu eta bitarteko guztiez defendatu genuen estatu nazionalaren legitimitate historiko, juridiko, politiko eta diplomatikoa defenditzea: NAFARROA. Estatu hau bortxaz zein indarkeriaz eraitsia eta konkistatu zuten Espainia eta Frantziako klase zapaltzaile inperialistek, neurri handi batean gure formazio ekonomiko-sozialaren barneko klase borroken ondorioz. Nafarroa da euskaldunon estatua, eta Euskal Herriaren berreraikuntza nazional zein askapen sozialaren abiapuntua hor kokatzen dugu.

5.- Nafar estatua izan zen euskal sozietatearen baitako klase eta genero borrokek ordura arte erdietsi zuten garapen nazionalik gorena, baina Espainiak zein Frantziak, bortxaz eta indarkeriaz eraitsi zuten, duela zenbait mende dirauen konkista progresibo eta iraunkorrari eutsiz. Hala ere, gure nazioaren barneko klase eta genero borrokek ahalbidetu zuten konkista, orduko nafar klase zapaltzaileen sektore batzuk nahiago izan baitzuten inguruko estatu inperialistekin kolaboratzea, independentzia nazionalari eustea baino.

6.- Konkista ez da iraganeko kontu hutsa, gure etsaiek eta bere kolaboratzaileek sinestarazi nahi diguten bezala, ezta gure eguneroko bizitzan batere ondoriorik ez duen detaile historiko ezdeusa, baizik eta inoiz, inolaz ere, preskribitzen ez den krimen estrukturala, gaur egun ere gure Nazioaren bizitza eta bereziki langileen eta sektore herritarren eskubide guztien gauzatzea eragotzi eta sakonki mugatzen dituena, areago oraindik emakume langileon aurkako biolentzia globalaren kasuan. XIX. mendean, naziozidioa eta etnozidioa oso aurreratuta zeuden, eta  galdutako independentzia zein batasun nazionalaren oroimen historikoa oso kaltetuta ere. Orduantxe, Sabino Aranak abiatutako mugimenduak, euskal abertzaletasun modernoaren sorrera ekarri zuen. Hala ere, ez zuen Nafarroaren erreferentzia nazionala gogoan hartu, eta konkistatzaileen eraginez gertatutako nazioaren desegituraketa, zein abertzaletasun sentipen kolektiboaren desorekari ez zien erantzun egokia eman. Hori dela eta, konkistatzaileek eragindako alienazio nazional larria, gaurko autonomismo basko-espainol burgesaren muinean aurkitu genezake,  zeinaren adibiderik gorena PNVren “Nazio Forala” ren defentsa bait da. Horregatik guztiagatik, honakoa diogu: Nafarroa dela euskaldunon estatua, eta bere legitimitate historiko, juridiko, politiko eta diplomatikoa aldarrikatzen dugu. Eta honekin batera, NAFARROA OSOAren DESKONKISTA sustatu nahi dugula, Euskal Herriaren berreraikuntza nazional zein askapen sozialaren abiapuntua hor kokatzen baitugu.

7.- Etengabeko konkistek ekarri gaituzte subordinazio egoera honetara, eta NAFARROA OSOAREN INDEPENDENTZIAk bakarrik, Patriarkatu eta Kapitalismotik ateratzearekin batera, irekiko dizkio Euskal Herri Langileari Askatasun Osoaren ateak. DESKONKISTAk, Patriarkatu  zein merkantziaren dinamikatik askatzeak ekarriko digu libertatea eta askapena maila guztietan: estatala eta nazionala, soziala eta ekonomikoa, klase eta generokoa, norbanakoa eta kolektiboa, kulturala eta linguistikoa. Hori da, hain zuzen ere, AUTODETERMINAZIOA, Euskal Herri Langilearen emantzipazioaren prozesu global eta integral gisa ulerturik, nagusiki eta bereziki euskal langile klasearen burujabetza eta independentzia politikoa, bere klase interesak beste edozein klase sozialaren menpe jarri gabe, eta bereziki burgesia txikiaren helburu, estrategia eta taktiketara subordinatu barik . Orduan bakarrik izanen baikara jende librea jendarte libre batean, klase, estatu, patriarkatu eta gainontzeko zapalkuntzarik gabe.

8.- Estatu konkistatzaileek eta Euskal Herrian mendez mende beren kolaboratzaile eta laguntzaile aritu eta aritzen diren klase sozialek planifikatu zuten deserrotze, menderatze eta asimilazio politika kriminalaren baitan kokatzen dugu euskaldungoaren aurkako ETNOZIDIOA. Euskararen ordezkatze eta desagertze sistematikoaz, nazio honen kontzientzia eta kultura suntsitu nahi izan zituzten Espainiak eta Frantziak. Horregatik gure helburua hauxe bera da: Nafarroa Osoaren berreuskalduntzea, gure Populua, berriz ere, modu libre eta konszientean, Euskararen Herria izan dadin, Euskal Herria, hau da, Euskaldunon Herria. Zenbat eta Nafarroago, orduan eta Euskal Herriago. Zenbat eta Euskal Herriago, orduan eta Nafarroago.

9.- Nafarroa eta Euskal Herria elkarren osagarriak diren kontzeptuak dira. Biek osatzen dute gure formazio ekonomiko-soziala, hau da, gure jendartea, zeinak Historiaurretik, Europako jatorrizko herri indigena honek garatu baitzituen hizkuntza, kultura, lana eta generoak antolatzeko moldeak eta harremanak, zibilizazio oso bat, gure Herriaren kontzientzia, nortasuna eta izatea dialektikoki eraiki zuena,bereziki euskal sozietate igualitario matrilineal baten existentzia, zeina Patriarkatuak suntsitu baitzuen. Nafarroa eta Euskal Herria klase eta genero borroketan murgildutako errealitate estatal, nazional, sozial eta kultural beraren bi aldeak dira. Batak azpimarratzen du sozietate politiko burujabea, besteak, mendeetako komunitate linguistiko eta kulturala. Bien arteko osagarritasunean datza nazio berreraikuntzaren giltza eta askapen sozialerako klase eta genero borroken marko burujabe egokia.

10.- Nafarroaren konkistaren ondorioz sortu zen gatazka armatua konkistatzaileen eta konkistatuon artean. Lehenago klase eta genero borroka gordinak baziren euskaldunon artean, esklabismoan zein feudalismoan. Klase borroka bortitz eta odoltsu hauek gure marko nazionalean gertatzen ziren, Euskal Herriak, Iruñe eta Nafarroako erresumen bidez, independentzia nazionala baitzuen. Mendez mende iraun duen etengabeko zapalkuntza hauek eragin dituzte milaka eta milaka hildako eta errepresaliatu. AMNISTIA OSOAren eduki politikoaren defentsa tinko eta fermua egingo dugu: euskal preso, iheslari, deportatu, eta oro har errepresaliatu politiko guztiak baldintzarik gabe etxeratzearekin batera, gatazka politiko eta soziala eragin zituzten arrazoien konpontze orokor eta behin betiko gisa, hau da, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko euskal jendarte librea. Horregatik, AMNISTIA zentzu honetan lortzen ez badugu, gatazkek bere horretan iraunen dute, klase zapaltzaileen errepresioa piztuz, behin eta berriz preso, iheslari eta errefuxiatuak eraginez .

11.- Herritar Batasunak KLASE IZAERA FEMINISTA edukiko du, langileon protagonismoa eta hegemonia zein independentzia politikoa bultzatuz. Eguneroko praktikan egiaztatu behar dugu langileon gidaritza politikoa maila guztietan, klase kontzientzia feminista nazionala indartuz etengabe. Herritar Batasuna, Euskal Herri Langilearen Batasuna da, eta bereziki, Euskal Langileriarena. Nazioaren askatasuna Independentzia den bezalaxe, langileon askatasuna Sozialismoa da. Langileriaren independentzia politikoa ere bada gure helburua, langile klasearen interesak burgesia txikiaren helburuetara inoiz subordinatu gabe. Baliabide eta produkzio tresnak herritarron eskuetan egon behar dira, eta ez bakar batzuen jabetzan. Industria, energia, lurra, elikagaien ekoizpena, baliabide naturalen hustiapena, garraioa, komunikazio sareak, kultura, irakaskuntza, osasungintza, hedabideak, eraikuntza, finantza sistema... Jabego publiko, sozial, kolektibo, komunal, autogestionatu eta auzalorrezkoa lehenesten dugu, ekoizpen tresnen jabego pribatuaren aurka. Independentzia behar dugu Sozialismo feminista askatasunean eraikitzeko, eta Feminismo sozialista, benetan independenteak izateko. Eta berreuskalduntzea, geure nortasun nazionala berreskuratzeko. Prozesu askatzaile beraren lau aldeak dira, nazioaren, langile klasearen, euskaldungoaren eta emakumeon benetako independentzia: Euskal Iraultza Ekosozialista eta Feminista.

12.- Herritar Batasuna klase mugimendu feminista iraultzaile gara. Feminismoa ulertzen dugu filosofia politiko eta klase mugimendu sozial gisa. Honen bidez, Patriarkatu eta bere eredu ekonomikoaren baitan emakume izate hutsagatik sufritzen dugun zapalkuntza, esplotazio, diskriminazio eta subordinazio guztien aurka kolektiboki antolatzen gara. Emakumeon benetako askapena lortuko dugu klaserik gabeko jendarte igualitarioan, non ekoizpen tresnak langileon eskuetan eta jabetza kolektiboan egonen diren. Horrelako sozietate libre batean edozein botere zapaltzaile desagertuko da, eta horrekin batera, noski, Patriarkatua. Horretarako gizon eta emakumeok elkarrekin borrokatu behar dugu geure askapenaren alde. Langile klaseak pairatzen dituen zapalkuntza eta esplotazioa, larritu eta areagotu egiten dira emakumeongan, zeren eta gure esplotazioa bikoitza baita, alde batetik Kapitalarena, eta bestaldetik Patriarkatuak eta Kapitalismoak usteldu eta deformatu dituen gizonena, zeinek aktiboki parte hartzen baitute sistema zapaltzaile honetan. PATRIARKATUAren aurkako eta emakumeon askapenaren aldeko borroka feminista dira gure jardueraren ardatza. Horrexegatik, denok behar dugu formakuntza eta praxi feminista. Geure pribilegioez eta jokaera matxistez kontzientzia hartzen dugun gizon iraultzaileok geure burua eraldatu behar dugu, arlo guztietan geure nagusikeriari uko eginez eta isiltasun konplizearekin hautsiz.

13.- Ildo beretik, HOMOFOBIA eta sexu aukerengatik gainontzeko diskriminazio eta bazterkeria guztiak errefusatzen ditugu. Nork bere afektibitatea eta sexualitatea askatasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu denontzat.

  1. Planeta mailan gertatzen ari den krisi ekologiko globalak eta bereziki aldaketa klimatiko bortitzak erakusten dute sistema patriarkal kapitalistak ezin duela inolaz ere espezie bezala ezinbestekoa dugun Naturarekiko oreka gauzatu. Horretarako interes eta jabetza pribatuetan oinarrituko ez den sistema sozioekonomikoa eraiki beharko dugu. Beraz, ANTIKAPITALISTAK gara argi eta garbi. Gure Sozialismoa, beraz, ezinbestez EKOSOZIALISMOA da, eta aldi berean, gure Feminismoa ere, EKOFEMINISMOA da, zeren eta Patriarkatua baita Kapitalismoaren sorburua eta funtsezko azpiegitura. Ezin izanen dugu Ekosozialismoa eraiki, ez badugu une berean Ekofeminismoa indartzen eta garaile bihurtzen. Borroka global honetan, ekologismoa, feminismoa eta sozialismoa elkarrekin doaz, borrokan eta praxi iraultzailean lortuko den sintesi dialektiko batean. LUR AMAren errespetuan oinarrituriko jendartea eraiki nahi dugu, eta horretarako deshazkundea bultzatuko dugu, ekonomiaren plangintza sozialistaren baitan. Gu LUR AMArenak gara, AMA LUR ez da gurea.

15.- Ezker Abertzale independentista eta sozialistaren borroka guztien OROIMEN HISTORIKOA eta KONTAKIZUN PROPIOA berreskuratu eta aldarrikatzea, bere arku kronologiko osoan, 1930tik gaur arte, inolaz ere ahantzi gabe lehenagoko borroka guztiak, bereziki Nafarroaren konkista hasi zenetik, XI-XII. mendeetan. Aldi berean, Euskal Herrian izan diren klase eta genero gatazka guztiak analizatu behar ditugu, hasieratik gaur arte, gure oroimenaren giltza direlako, eta etorkizun aske baten oinarria, eta bereziki, emakume langileon borroka guztien oroitzapena, kontakizuna eta azterketa kritikoa, Patriarkatuaren aurkako ildo politiko iraultzailea indartzeko, zeren eta horiek izan baitira, gehien baztertu, ahaztu eta desitxuratu den oroimen historikoa. Oroimen historikoak eta kontakizunaren gatazkak bai Espainiar Estatu mailan zein Euskal  Herri mailan ere, berebiziko garrantzia duten gaiak dira. Zalantzarik gabe ideien gatazkarako eremu estrategikoak ditugu eta hurrengo belaunaldien borrokak baldintzatuko dituzte, onerako edo txarrerako.  Hau dela eta, esan dezakegu, Oroimen Historikoa eta Euskal Gatazkaren kontakizuna gatazka ideologikorako lehen mailako eremuak direla. Gure leloa jarraituz, Oroimen Historikoa gaur egungo borroketarako tresna bilakatu behar dugu Herritar Batasunatik. Oroimen historikoa zein kontakizunaren gatazka elementu estrategikoak dira 78ko erregimenaren kontra jotzeko. Azken finean Frankismoaren erregimen genozidak gaur egungo erregimenera egindako erreforma (beraiek trantsizioa deitutakoa) zalantzan jartzen dute. Aldiz Ezker Abertzalearen bi erregimen kontrako borroka legitimizatzen dute, 1936tik gaur egun arte.

16.- INTERNAZIONALISMOA, ANTIFAXISMOA, ANTINPERIALISMOA : gu bezala, beren askapen nazional eta sozialaren alde borrokan ari diren Herri Langile zapaldu guztienganako elkartasunarekin batera, egitura patriarkal, kapitalista eta inperialisten aurkako jarrera tinkoa. Lehenik, NATO, zeinaren aurka 1986an, egoera antidemokratikoan izanik ere, Hego Euskal Herriko herritarrek bozkatu baitzuten. Bigarrenik, Europar Batasunaren egitura oligarkiko eta antidemokratikoak, bereziki Europako Banku Zentralaren gezurrezko “independentzia” eta euroaren diseinu zein kudeaketa neoliberal autoritarioa, zeinak baitira oligarkia kapitalisten, espekuladore finantzieroen eta transnazional monopolisten diktaduraren tresnak. Nafar Estatua Europako parte garrantzitsua izan zen, eta Nafarroako Euskal Errepublikaren europartasuna aldarrikatzen dugu. Bainan Europako Herri Langileen askatasuna bahitu duten marko patriarkal, kapitalista eta inperialista horietan ez dago libertate nazionalik, ezta sozialik ere. Herri Langileaskeen Europa behar dugu, hau da, Patriarkatuaren menperakuntzatik, merkatu finantzieroen tiraniatik eta kapitalaren aginduetatik libre eta burujabe. Gure antifaxismoa, beraz, antikapitalista eta antipatriarkala da. Ezin dira faxismoaren hostoak ebaki, bere erro kapitalistak eta iturri patriarkalak suntsitu gabe. Faxismoaren aurka, Iraultza Ekosozialista eta Feminista da bidea, eta ez inolako eta balizko demokrazia burges “aurrerakoi” baten defentsa.

17.- Kapitalismoaren krisi global larriari bere interesen aldeko irtenbidea eman nahian, burgesia faxismoaren hazkundea indartzen ari da egunetik egunera, Europan bereziki. ANTIFAXISTAK garenez, ARRAZISMOA eta XENOFOBIAren aurka borrokatuko gara etengabe.Borroka honi helburu iraultzaileak jartzen dizkiogu, mundu mailako Iraultza Ekosozialista et Feministaren baitan, zeinaren bidez, Patriarkatua eta Kapitalismoa behin betiko suntsiturik, jendearen migrazioak eta mugimenduak orekatu eta babestuko baititugu langileen demokraziaz eta modu planifikatu batean, Herri Langileen interes kolektiboen arabera, eta ez Kapitalaren metaketaren zerbitzuan.

18.- MOBILIZAZIOA, DESOBEDIENTZIA, INTSUMISIOA eta ERRESISTENTZIA AKTIBOA izango dira gure borroka tresnak Estatu inbaditzaileen eta Euskal Herriko burgesia kolaborazionista guztien aurkako KONFRONTAZIOAN. Gaurdanik hasita, gure nazioaren egitura estatalak berreraikitzeko deliberamendu osoa dugu, eta egitura estatal horiek Herri Langilearen askatasunaren zerbitzuan izanen dira.

19.- LANGILE eta HERRI BOTEREAren estrategia izango da gurea. Honen ondorioz, FUNTZIONAMENDU ASANBLEARIOA, demokratikoa, gizon eta emakumeen artean parekidea,parte hartzailea, gardena eta behetik gorakoa segurtatuko dugu, LANGILE eta HERRI BOTEREA eguneroko praktikara eramanez. Gure egitura eta erabakigune guztietan, batzarrek botere, autonomia eta ahalmen osoa ukanen dute, informazio guztien jabe.

20.- ERREPUBLIKA KONFEDERALA defenditzen dugu. Auzo, herri, hiri zein eskualdeetako batzarre burujabeetan behetik gora, egituratzen den Nazioa eta Estatua. Gure zuzenbide pirinearrean oinarriturik, botere administratiboa Herriari itzuliz eta eliteei kenduz. Batzarre, auzolan eta auzalorren instituzioak eta funtzionamendua bere osoan berreskuratuz. Gurea euskaldunon Estatu-batzarrea da. Auzo batzarrea da Herri Boterearen lehen oinarria, gainontzekoak subsidiarioak dira. Estatu-Batzarrea den Nafarroako Euskal Errepublika Ekosozialista eta Feminista, Konfederala eta Euskalduna, klase eta genero borroka etengabeen bidez gainontzeko Herri Langileekin batera Patriarkatua eta Kapitalismoa mundu mailan erabat suntsitzea lortzen dugun heinean, estatu gisa iraungi eta desagertuko da progresiboki, klase eta Patriarkaturik gabeko Euskal Herri libre eta burujabe lortuz.

21.- LAIKOTASUNAren defentsa, bere zentzu zabalenean. Fundamentalismo eta integrismo guztien aurka, Nafarroako Euskal Errepublika Ekosozialista eta Feminista estatu laikoa izanen da, nork bere erlijioa edo erlijiorik eza askatasun osoz bizitzeko eskubidea ukanen du, inor zapaltzen ez dueno. Estatua eta erlijioak argiki banatuta egongo dira, eta mendez mende Eliza Katolikoaren hierarkiak Euskal Herri Langileari lapurtutako ondasun guztiak nazionalizatuko dira erabat eta osoki, inolako indemnizaziorik gabe, burgesiaren gainontzeko jabetza guztiekin batera. Klase borrokak sozietatearen arlo eta esparru guztietan agertzen dira. Erlijioak ez dira salbuespenak. Gure lehetasunezko helburua da Erlijio nagusi eta instituzionalak osatzen dituzten botere egituta hierarkiko, patriarkal, klasista eta pribilegiozko guztiak suntsitzea, eta oso bereziki Eliza Katolikoarenak, zeinaren hierarkia eklesiatikoa banda kriminala baita, hasi pedofiliatik eta amaitu Kapitaaren faxismo eta diktadura guztein aldeko babesarekin. Instituzio hauek guztiak matxistak, homofobak, misoginak eta puritanak dira, klase eta genero inegalitate soziala sustatzen dute, eta bereziki emakumearen emantzipazioaren aurka ari dira. Emakumea kastitatera, maternitate indiskriminatura eta prostituziora kondenatzearen arduradunak dira. Bere arrazoimenaz erabiliz, bere haurdunaldia etetea  erabakitzen duen edozein emakumeren bororndate eta gaitasuna kriminalizatzen dute. Edertasunaren eta askatasunaren etsaiak dira, gure gorputzak eta gogoak anputatzen dituzte, “errua” eta “bekatua” bezalako sentimenduak betikotzen dituzte, Patriarkatuaren, Kapitalismoaren eta klase menperatzaileen mesedetan erabiltzeko, eta etengabe erasotzen dute emakume langilea, bera izan dadin pertsona sumisoa, menperatua eta esklabua. Honengatik guztiarengatik Errepublika Ekosozialista eta Feminista laikoa eraiki behar dugu, non sinesmen eta praktika erlijiozkoak arlo pribatuan geldi daitezen zorrozki, alor sozialetik erabat bereizita, alor guztietan (ekonomikoa, hezkuntzakoa…) Zehazki: gizonei emakumeen gaineko pribilegioak ematen dituen eta berdintasunaren aurka jotzen duen edozein praktika erlijiosoaren eliminazioa; espazio publikoetako sinbologia erlijioso inbaditzaile eta prepotentearen eliminazioa; lan egutegia langileen beharretara egokitu, eta ez subordinatu erlijioetara.