KOLITZAri ERANTZUNA

Iritziak - Colaboraciones

KOLITZAri ERANTZUNA

GEDAR Langile Kazetan irakurri dut zure artikulua; “Kapitalaren plebiszituak : erreformaren legegintzaldia ote?” Idazkian erraten dituzun kontu gehienekin ados nago, eta biziki interesgarri iruditu zaizkit hasieran egiten dituzun hausnarketa orokorrak, zeinetan diktadura burges parlamentarioetan “alderdi aniztasunak” jokatzen duen funtzio alienatzaile, kontrolatzaile eta legitimatzailea agerian uzten baituzu maisuki.

Bainan ez dizut horregatik idazten, baizik eta artikuluaren bigarren partean Ezker Abertzale Iraultzaileko antolakunde batzuk aurrera eraman dugun abstentzioaren aldeko kanpainaz egiten dituzun baieztapen batzuekin ados ez nagoelakotz. Nire erantzuna hobeki kokatzeko, hona hemen diozuna:

Euskal Herriari dagokionean, azpimarratu beharreko zenbait eztabaidagai ditugu: lehenik eta behin, ezin da begi bistatik galdu, arrazoi faltarik ez duten talde batzuek sustatutako abstentzio aktiboaren kanpaina mediatikoa porrota izan dela. Egiari zor, aurrez beteta zegoen profezia bat zen. Erreformaren blokearen alderdi demokrata guztiek hain narratiba “antifaxista” eta urgentziazko bat sustatzearen ondorioz, parte hartzea modu nabarmenean hazi da EAE-n zein Nafarroan,  gai honekiko hainbesteko sentsibilitatea duten bi lurralde hauetan espero zitekeenez. Ez lirateke sustatu behar aurretiaz galduko dituzula badakizun kanpaina publikoak, are gutxiago EH Bilduko buruzagi burokratek, euren perfil politikoa euren oinarrien aurrean indartu ahal izateko, ezertan hanka ez sartzeko eta euren kritikoek akatsen bat egiteko beharra dutenean. Errespetutik diot: kanpaina hau sustatu dutenek guztiontzat honek suposatzen dituen ondorio taktikoen inguruan hausnartu beharko dute.”

Lehendabizi, ene harridura agertu, hain gai garrantzitsuaz zuk hain azterketa axalekoa egin duzulakotz. Ez nuen hori zuregandik inondik inora espero. Bistan da Herritar Batasunak eta bertze talde abertzale eta sozialista iraultzaile batzuk (Boltxek, Euskal Herriak Askatasunak, Ezker Abertzalea Taldeek, Auzolanak, Sare antifaxistak...) eraman dugun abstentzioaren aldeko kanpainaren porrot kuantitatiboa izan dela. Inork ezin du hori ukatu: Euskal Herri Langileari abstentzio aktibo eta iraultzailea egiteko eskatu diogu, eta horren ordez, langileak eta herri sektoreak masiboki joan dira bozkatzera. Jendeak oro har ez digu kasurik egin. EHBildu bozkatu du, guk eskatzen genuenaren aurka. Kitto.

Bainan abstentzio aktibo eta iraultzailearen aldeko kanpainaren balorazio politiko guztia horretara bakarrik mugatzea akats larria dela uste dut. Teoria iraultzailean argi bereizten da kantitatea eta kalitatea, kuantitatiboa eta kualitatiboa, eta beti ematen zaio lehentasuna faktore kualitatiboei, haiek determinatzen baitituzte beti fenomenoen azalean agertzen diren gertaera kuantitatiboak. Borroka iraultzailean, kalitateak ekartzen du kantitatea, baina kantitateak ez du inoiz berez eta automatikoki  kalitatea sortzen, alderantziz baizik. 1848az geroztik, mugimendu komunista iraultzailearen historian zehar hamaika adibide daude baieztapen hau konfirmatzen dutenak. Horregatik abangoardiako antolakunde iraultzaileen beharra. eta teoria komunista zientifikoaren garrantzia kualitatibo eta determinantea Iraultza Sozialistan.

Beraz, aldez aurretik argi zegoen abstentzio aktibo eta iraultzailearen kanpainak oso zaila zuela Euskal Herri Langilearen masengana iristea, eta are gutxiago kuantitatiboki modu esanguratsuan eragitea. Sistema burges parlamentario osoaren  aurka, eta bereziki erreformismo espainolista (Unidas Podemos) eta erreformismo autonomista (EHBildu) ordezkatzen dituztenen kontra, Langile Klasea abstentzioaren alde masiboki jartzea ezinezkoa zen. Zergatik? Zuk zeuk ezin hobeki adierazten duzu:

“Alderdi anitzeko sistemetan alderdien estrukturak osatzen du estatuaren edukia, eta ez alderdi bakar batek, alderdi bakarreko sistemetan bezala. Koadro alderdiaren funtzioa, ordea, berdina da. Horrez gain, honekin eratutako botere erregimenaren pluraltasun irudia indartzen dute eta erregimena kulturalki sendotu. Modu honetan, alderdi anitzeko erregimen horiek demokrazia (alderdi aniztasunaren sinonimo soil gisa ulertuta) bezala izendatu dira. Termino errealetan, aniztasuna eta askatasun politikoak, alderdi estatalen oligarkiaren itzalpera garatzen diren ideologia burgesentzat soilik daude eskuragarri. Besteentzat, ilegalak diren edo zaintza zorrotz batera eta jazarpen sozial, politiko eta kulturalera makurtuta dauden hautu ideologiko edo arrazionalentzat, ez dago ordea inolako askatasun politikorik. Eta jazarriak diren horien artean egungo nazioarteko geopolitikan aurkitzen dugun debeku unibertsalena proletalgoaren iraultza sozialistaren aldeko ildoa dugu. Paktu sozialetik kanpo eta galarazita dauden hautu hauek egoera latentean aurkitzen dira erregimena koiuntura sozial eta ekonomiko errealari erantzuteko eraginkorra ez den arte: izan kapital metaketa modalitate errealean (zeinaren gainean botere erregimen konkretuak eratzen diren) garrantzi handiko aldaketa bat ematen delako edota izaera proletarioko masa alderdi handiak azaleratzea ahalbideratzen duen krisi sozial larri bat iristen delako (gerra egoera, eskasia edota lanaren krisi orokorra medio).”

Biziki ongi esplikatzen duzu Sistema Kapitalistan, Botere Burgesaren dominazioaren mende, proletalgoaren mugimendu iraultzaileak egoera latentean egoten direla, are gehiago Euskal Herria bezalako nazio konkistatu, kolonizatu eta zapaldu batean. Gure kasuan aipatu faktoreak areagotu egiten dira, okupazio militar inperialistaren ondorioz.

Horregatik ulergaitza egiten zait zure baieztapena: “Ez lirateke sustatu behar aurretiaz galduko dituzula badakizun kanpaina publikoak”. (“No se deberían de promoverse campañas públicas que sabes que vas a perder de antemano” jatorrizko bertsioan). Gure aurreko mugimendu iraultzaile guztiek arrazoibide kezkagarri hau aplikatu izan balute, zinez iraultza gutxi ikusi genukeen. Klase borrokan batailak ez ditugu guk aukeratzen.

Faktore kualitatiboari dagokionez, uste dut abstentzio aktibo eta iraultzailearen aldeko kanpaina, zeina oraindik ez baita bukatu, ez dela bat ere porrota izan, alderantziz baizik. Iraultzaileontzat egoera politiko zail eta itogarri batean, kanpaina honek lortu du sektore txiki bainan esanguratsu batek presio guztiei eustea, amore ez ematea, eta Kapitalaren plebiszitu horretan, gure kasuan gainera guztiz espainolista dena, parte ez hartzea. Eta ez hori bakarrik, arrazoi garbiz bere abstentzioa azaltzea eta politizatzea, erabat minoritarioa izanik ere. Horra hor etorkizuneko Nazio Askapenerako Euskal Mugimendu Sozialista Iraultzailearen granitozko eta altzairuzko oinarria. Eta hori ez da porrota, garaipen estrategikoa baizik. Zu bezalako teoriko komunista iraultzaileak hori ez aipatzea harrigarria eta kezkagarria iruditzen zait, eta horregatik erabaki dut testu hau idaztea.

Ezker Abertzale Iraultzailea eragile politiko gisa agertu da abstentzioaren aldeko kanpaina honekin, eta bere emaitzak ttikiak izanik ere, kualitatiboki esanguratsuak izan dira, Nafarroa Garaian, batez ere, erabakigarriak izan baitira. Hor agertzen da zure bigarren baieztapen kezkagarria, nire ustez:

“Bigarrenik, EH Bilduri dagokionez, Nafarroan diputatu bat izateari utzi dio bozka sorta bategatik, zehazki irizpide falta handiarekin “aldaketaren” legegintzaldia deitu duen horretan izaniko nagusikeria, harrokeria eta oldarkortasunagatik galdu duen bozka sorta. Beti bezala, Lizarra-Garaziko porrotaren errua EAJri leporatu zioten Sortuko ideologo demokratek (EAJrentzat arrakasta eta eurentzat porrota izan zenean), guri botako digute euren galeraren errua oraingoan. Ba bai, agian gu, edo hobeto, gure abstentzioa, da kausa; baina zuek arduradunak eta kaltetu bakarrak. Bel Pozueta zuen harrokeriagatik ez da kongresura joango. Aritmetika oso justu dabil zuentzat Nafarroan edonolako hauteskundeetarako, eta oinarri militanteko sektore komunista eta sozialistekiko jarrera aldaketa, pentsatzeko moduko kontua bilakatu zaizue.”
Txundituta gelditu naiz. Nafarroa Garaian abstenitu garen gehienok, nire ustez, ez dugu ekintza politiko militante hori egin EHBildu, SORTU, ERNAI eta LABek erabiltzen dituzten formengatik bakarrik egin, baizik eta, batez ere, haien ildo eta estrategia erreformista eta autonomistarengatik. Eta Bel Pozueta da, hain zuzen ere, erreformismo, apolitizismo, autonomismo, kolaborazionismo eta buenismo horren adibide paradigmatikoa. Eneko Compains ez aipatzaegatik...
Zure idazkian badirudi sozialdemokrazia autonomista “hobeki portatu” izan balitz Bel Pozueta Madrilerako bidean izanen litzatekeela, eta Ezker Abertzale Iraultzaileak eskatzen duen gauza bakarra “oinarri militanteko sektore komunista eta sozialistekiko jarrera aldaketa” dela. Eta hori ez da egia. Ezker Abertzale Iraultzaileak ez dio deus ere eskatzen sozialdemokrazia autonomistari, alferrik baita haiei edozer eskatzea, 2009az geroztik argi eta garbi estrategia erreformista batean murgiltzea publikoki eta ahoan legarrik gabe erabaki zutelakotz. Egiten duguna da deriba, degenerazio eta endakatze ustel hori arrazoi eta ekintza politikoen bidez salatu. Eta alternatiba iraultzailea prestatu, antolatu eta eraiki, Euskal Iraultza Sozialista helburu, Euskal Estatu Sozialistaren bidean.
Hona hemen zurekin ditudan desadostasunak. Uste dut abstentzio aktibo eta iraultzailearen aldeko kanpainak balio izan duela Ezker Abertzale Iraultzaile osoa norabide berean kokatzeko, ekintza politiko militante eta sinboliko argi baten inguruan, sistemaren aldeko presio erreformista guztien aurka. Zure ustez, zer egin behar genuen, hauteskundeen garaian isildu? Kanpainarik ez egin? Espazio osoa erreformismo autonomistari utzi, izan duten igoera espektakularra kontrapisu kritiko eta iraultzailerik gabe? Zuk zeuk zeure idazkian erraten duzu abstenitu zarela. Abstentzio horren arrazoi politiko eta estrategikoak ez ziren hauteskunde garaian azaldu behar, jendaurrean, agerian, argi eta garbi? Zergatik? Ez dut ulertzen...
Zure idazkian agertzen diren gauza batzuekin ados ez egoteak ez dit ezkutatzen, inolaz ere, gure adostasun puntu ugariak. Biok komunista iraultzaile euskaldunak gara, biok Iraultza Sozialista egin nahi dugu Euskal Herrian eta mundu osoan, biok Proletalgoaren independentzia politikoaren alde gaude. Beraz, adostasun estrategiko zabala dugu. Zuk eskatu bezala, kanpaina honek suposatzen dituen ondorio taktikoen inguruan hausnartu egin dut, eta iruditzen zait asmatu egin dugula Euskal Herrian erreformismo autonomista eta mugimendu iraultzailearen arteko diferentziak eta estrategiak bereizten eta azpimarratzen. Besarkada bat, bihotz-bihotzez! Borrokan elkar ikusiko dugu! Zaindu, eta aurrera!                                                                                                            
Mikel Erro.

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

IRITZI OSOAK