INDEPENDENTZIA EGUNA

Comunicados

INDEPENDENTZIA EGUNA

Edozein herrialderen nazioren Independentzia eguna, bertako herriaren askatasun nazionala eskuratu izanaren ospakizuna izan ohi da.

Orreagako  1ehenengo guda, 778an eta ondorengoak, 824an bereziki euskaldunok gure askatasun nazionala eskuratzeko urrats nagusitzat jotzen ditugu , eta hura babesteko lehen nazio egitura sortu genuen, Iruñeko Erresuma, ondoren Nafarroako Erreinu bihurtuko zena.

 

Handik aurrera, Euskal Herriaren  etorkizun propioa garatu ahal izateko, euskaldunok, orduko klase borroken baldintzen arabera, independentzia nazionalaren atea zabal-zabalik genuen. Burujabe ginen, erabat subirano eta independente.

Hala ere, orduko inperialismoek ez ziguten utzi nahi izan. Frankoen eta bisigodoen inperioek, alegia. Eta ondoren, Frantziak eta Espainiak ere. Eta bizirik iraun nahi duen edozein naziok egiten duen bezala, gurea defendatzeko gudatan aritzera behartu egin gaituzte, behin eta berriz, gaur egun arte dirauen konkista progresibo eta iraunkorraren bidez. Gure independentzia nazionala galdu baldin bagenuen ere, haren defentsan hamaika bataila galdu baldin badugu ere, mendez mende ez dugu sekulan amore eman askatasun osoaren aldeko borrokan.

Egun, Euskal Nazioa bi espetxe inperialisten gatibu da, Espainia eta Frantzia. Eta, nazionalismo baskoaren eskuetan utzi ditu espetxeko garbiketa eta kudeaketa lanak, Autonomia Estatutu, Foren Hobekuntza eta Euskal Elkargo antzu bezain ustelak kudeatzearen truke, giltzak estatu konkistatzaile eta okupatzaileen eskuetan izanda, beti ere. Hori nahikoa ez balitz, datozen hilabeteotan, Euskal Herriak askatasunaren alde egindako borrokari hurrengo iruzurra eginen diote, oraingoan euskal sozialdemokrazia autonomistaren laguntzaz: Moncloako Estatutu baskongadoaren erreforma.

Orain arte errepikatu izan dugun bezala, horrek erakusten diguna zera da: nazioen zapaltzaileak diren inperialismoak, klase zapaltzaile ere direla. Eta zapalkuntza hori gauzatzeko, mendean hartutako nazioaren klase zapaltzailearen kolaborazioa – gurean, burgesia basko espainola eta basko frantsesa – ezinbestekoa dutela. Zeren eta, klase zapaltzailearen interes berdinek, elkarren eskutik joatera eramaten baitituzte.

Askatasun osoa lortzea helburutzat daukan edozein herrik, bere nazioaren independentziaren alde eta inperialismoaren aurka borrokatu beharra dauka. Eta hori gauzatzeko, prozesu iraultzaile baten bitartez abiatuta izanen da, ezinbestez. Iraultza bera, zapalduek justizia egia bihurtzeko prozesu naturala baita: ibilbide iraultzailean, bi indarrek egiten dute bat, zapaldua dagoen nazioaren eta bertako klase zapalduen dinamikak. Hortaz, erabateko askatasuna eskuratzea lehen helburutzat duen herri orok, bertako zapalduen nazio zein klase kontzientzia indartzea izan behar du lehenengo betekizun.

Honen guztiaren harira, abertzale baten hitzak ekarri nahi ditugu hona. Halaxe zioen: “ Hil ala biziko kontua bilakatu zaigu euskaldunoi, gure zapalkuntza nazionala eragiten duen egungo Estatuaren tresneria lehertu eta txikitzea. Zapalkuntza horrekin bukatzeak ekarriko digu euskaldunoi askapen nazionala. Eta Baskoniako seme-alaba zapalduei, edota bertako bizilagunei, zapalkuntza sozialaren askapena.”

Bukatzeko, ez ditugu ahaztu nahi, Inperialismoak –eta haren morroiek-, egunez egun eta mundu osoan barrena, eraso eta zapaltzen dituzten herri zein nazioak. Palestina, Venezuela, Siria, eta beste hamaika. Zerrenda luzeegia da. Haien borroka ere, gure borroka da.

Gurean, ASKATASUN OSOA eskuratzeko borroka, Euskal Iraultzaren bidea eginez bakarrik lortuko dugu: INDEPENDENTZIA, BIRBATASUNA, SOZIALISMOA, BERREUSKALDUNTZEA eta FEMINISMOA biltzen dituena.

Beraz, abertzale iraultzaile guztiei dei egin nahi diegu, datorren asteazkenean, abuztuaren 15ean, Orreaga Fundazioak, Orreagan bertan 12.00etan antolatutako ekitaldira, eta ondoren,13.30etan, Ibañetan, eginen duen bilkurara. Herritar Batasunak hura bukatutakoan, hantxe bertan eginen du Herri Batzarra. Denak gonbidatuta zaudete parte hartzera, eta zuen iritziak agertzera, Independentzia berreskuratzeko bide eta estrategia egokia zein den jakiteko eginen eztabaidan.

 

GORA NAFARROAKO EUSKAL HERRI LANGILEAREN ERREPUBLIKA SOZIALISTA!!!

 

 

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

ADIERAZPEN OSOAK