JUSTIZIA KOLONIALA, JUSTIZIA PATRIARKALA, JUSTIZIA KRIMINALA!

Comunicados

Libre utziko dituzte 2016ko Iruñeko Sanferminetan talde bortxaketaren egileak, “La Manada” izeneko antolakunde terrorista eta kriminalaren bost  gaizkile matxistak. Horietako bat, militarra, eta bertzea, guardia zibila. Nafarroa Garaiko Auzitegiak onartu egin du defentsaren eskaria: behin betiko epaia iritsi arte baldintzapean aske geratuko dira.

Ez gara harritzen. Sumintzen gara, bai, haserretzen, koleratzen, larritzen, matxinatzen... Bainan ez gara estonatzen, zeren hori baita Espainiako Erresumaren justizia. “Independentea” dela diote, Europako Banku Zentrala “independentea” den bezalaxe, prentsa burgesa “independentea” den gisan, jakina. Independenteak Herri Langilearen kontroletik, bistan da, eta burgesiaren erranetara erabat makurtua eta isuria. Estatu kolonial, patriarkal eta burges baten tresna garrantzitsua, 1934-1939 urteetan Estatu Espainoleko Herri Langile guztiak sarraskitu zituen oligarkia faxistaren zakur eta zerbitzari fidelak. 80 urte baino gehiago daramagu beren diktadura jasaten, eta aurretik ere, haiek agintzen zuten betidanik.

Altsasuko gazteen aurkako epaiarekin ikusi dugu zer den justizia koloniala, eta zer garesti ordaintzen den okupazioko indar militar espainolen etengabeko irain, eraso, probokazio eta zapalkuntzei aurre egitea. Taberna liskar hutsa zela erratea, afera erabat despolitizatzea, gainontzeko preso politikoak zeharka kriminalizatzea (“no es terrorismo”), Euskal Herriaren okupazio militarra ez aipatzea eta gainontzeko bigunkeria erreformista guztiak alfer-alferrikakoak izan dira. 1978ko Monarkia neofrankistaren justiziak bere hortzak erakutsi ditu, berriz ere. Argi utzi dute, bertze behin ere, hemen, Nafarroa konkistatu, kolonizatu, okupatu eta zapaldu honetan nork agintzen duen. Betiko neofrankista eta neofaxista espainolistek, oraingoan “demokrataz” eta “konstituzionalistaz” mozorrotuta.

Herriaren erantzuna txalogarria izan da, “La Manadako” bortxatzaileen kasuan eta Oreretako gazteen aferan izan den bezala. Baina galdera hauxe da: eta orain, zer? Mobilizatu behar dugu denok, noski, hortzez eta haginez horrelako injustizia ikaragarrien aurka. Bainan haratago ere joan behar dugu. Ezin gara axalkerian gelditu, eta manifestazioak egin ondoren etxera joan, nor bere bidetik, berriz ere atomizatuta, isolatuta, bakartuta.

Argi izan behar dugu Espainiako Erresuma estatu inperialista bat dela, eta inperialista den heinean, kapitalista, patriarkala, koloniala, burgesa, antieuskalduna. Oligarkia espainolistaren klase diktaduraren tresna, Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan, Galizan eta Andaluzian, Gaztelan eta Kanarietan. Herri Langile guztien etsaia. Gu guztion etsaia.

Antolatu behar dugu, eta borrokatu, justizia kolonial, patriarkal eta kriminal honen aurka, argi izanda justizia burgesa dela, eta kapitalismoa bizirik den bitartean halakoxea izanen dela beti, baita balizko Estatu basko “duin” eta kapitalista “independente” batean ere. Ez dezagun geure burua engaina...

Iraultza da bide bakarra. Hemen eta planetako honetako txoko guztietan. Gure kasuan, Euskal Iraultza. Euskal Iraultza Sozialista. Txabi Etxebarrietak duela 50 urte erran zuen bezala: “En la lucha por el establecimiento del Socialismo en toda la tierra, ocupamos nosotros un puesto bien determinado: liquidar la fuerza de los estados capitalistas francés y español, incluidos ciertos capitalistas de apellido vasco que con ellos colaboran.” (El Primero de Mayo, 1967).

Gure feminismoa, klase feminismoa da, emakume langileon feminismoa, feminismo proletarioa. Patriarkatua behin betikotz suntsitzeko, bere mendez mendeko ondorioa den klase gizartea eta beren azken eboluzioa den kapitalismoa ere suntsitu behar ditugu, iraultza integrala eta globala eginez. Ezin dugu kapitalismoaren adar matxistak moztu bere erro patriarkal sakonak erauzi gabe. Biak lotuta daude erabat duela 500 urte baino gehiago. Biak batera irauli beharko ditugu.

Borroka feminista uztartu behar dugu gainontzeko herri eta langile borroka guztiekin, gu guztiok zapaltzen gaituen Estatu kolonial eta patriarkal, inperialista eta kapitalista honen aurka.

Adi egon eta joan gaitezen mobilizazio guztietara. Borroka egin dezagun fronte guztietan, euskal preso politikoen alde Amnistia eskatuz, Altsasuko gazteak barne, jakina, AHTren aurka, gatazka laboraletan ari diren langileekin batera, haien eskakizunen alde,  etengabeko biolentzia matxista eta patriarkalaren kontra, Sirian egiten ari den eraso inperialistaren aurka, Palestinaren alde eta sionismo genozidaren kontra... Denok batera!

Banan banan, isolatuta, nor bere bidetik, ez gara deus. Bil ditzagun mobilizazio guztiak, borroka guztiak, amets guztiak... Eta antola gaitezen behingoz Euskal Iraultza egiteko.

Euskal Iraultza Sozialista!

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

ADIERAZPEN OSOAK