EUSKAL HERRI LANGILEA, GURE ABERRI BAKARRA!

Comunicados

Aberri Eguna 2018

Aurtengo Aberri Egunean, kontu bat azpimarratu nahi du HERRITAR BATASUNAk: Catalunyan egun hauetan gertatzen ari denak argiro frogatzen duela, beste behin ere, klase borroka nazio askapenaren bihotzean kokatzen dela. Klase borroka dela, hain zuzen ere, nazio askapenaren motorra. Betidanik esan izan dugun bezala, independentzia eta sozialismoa guztiz lotuta daudela.

Izan ere, hamaikagarren aldiz ikusi dugu nazio zapalduetako burgesiek ezinezko dutela independentzia lortzea XXI. mendeko Europa kapitalista, inperialista eta patriarkal honetan. Ezin dute, nazio zapaldu baten independentzia eskuratzeak enfrentamendu sozial eta konfrontazio politiko gogorrak eskatzen dituelako, eta bide horretan, klase borrokak areagotu eta gordindu egiten dira, independentziaren aldeko borroka sistema inperialista osoaren aurkako matxinada bilakatuz. Orduan, klase sozial bakoitzaren interesak eta jokaerak argi eta garbi agertzen dira denon aurrean. 

Hau da, benetako independentzia nazionala, iraultza sozialista eta patriarkatuaren suntsitzea, gaur egun, erabat lotuta daude. Iraultza sozialista da, hain zuzen ere, zinezko independentzia eta jendarte feminista lortzeko bide bakarra. Catalunyan eta Euskal Herrian azken hamarkadetan eta egun hauetan ere ikusten ari garenez, nazio zapalduetako burgesiak, edo guztiz autonomistak eta kolaborazionistak dira, PNV bezala, edo independentzia lortzeak eskatzen duen borroka mailaren aurrean izutu egiten dira eta atzera jotzen dute, JxC eta ERC bezala. Ez dira gai prozesu independentista  bururaino eramateko. Beldur dira. Herri Langileen Iraultzaren beldur, hain zuzen. 

Nazio zapalduetako burgesia txikiek, aldiz, Herri Langileak manipulatu nahi dituzte, balizko estatu independente “duin”, “progresista”, “ongizatezko” baten alde denok batera elkarrekin borroka gaitezen, haiek izanik beti ere prozesuaren gidari eta zuzendari. Bainan ez, inolaz ere, Iraultza Sozialistaren alde borrokatzeko, eta are gutxiago klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libre baten bidean urrats iraultzaileak egiteko. Erabat logikoa, bestalde, zeren klase sozial bakoitzak bere interesen arabera jokatzeko joera baitu, kontziente edo inkontzienteki. Eta burgesia txikiak langileria eta burgesiaren artean kokatzen dira beti, balizko erdibide erreformista sozialdemokratan. nahiz eta langileak engainatzeko mila mozorroz jantzi eta beren benetako asmoak ezkutatu.

2018ko Aberri Egun honetan HERRITAR BATASUNAk hauxe dio: Euskal Langile Klaseak bakar bakarrik biltzen ahal ditu bere inguruan Euskal Herri Langilearen gainontzeko sektore eta frakzioak, independentzia eta sozialismoa batera lortzeko, Euskal Iraultzaren bidez. Beste bideak, itxuraz errazagoak eta ustez egingarriagoak, erabat ezinezkoak dira, hemen eta Catalunyan ikusten ari garen bezala. Independentzia burgesen aroa amaitu da, independentzia sozialisten garaia hasi behar dugu, hortik abiatzeko klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libre baterantz.

Honetaz guztiaz eztabaidatzeko eta hemendik aurrera egin behar duguna denon artean erabakitzeko, HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio militante independentista eta sozialista iraultzaile orori datorren igandean, apirilaren 1ean, Bilbon, eguerdiko ordu batean, Bilbi plazan eginen den batzar ireki eta ekitaldi politikora. Guk dugun aberri bakarra, Euskal Herri Langilea delako.

  

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!

GORA NAFARROAKO EUSKAL LANGILE ERREPUBLIKA SOZIALISTA!

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location

ADIERAZPEN OSOAK