BERRIZ ERE, ABSTENTZIO AKTIBO ETA IRAULTZAILEA!!

Comunicados

BERRIZ ERE,

ABSTENTZIO AKTIBO ETA IRAULTZAILEA !

 

Agiri honen bidez HERRITAR BATASUNAk berresten du bere erabakia, hau da, 2019an Euskal Herrian okupazio militar frantses eta espainolaren menpe eginen diren hauteskundeetan abstentzio aktibo eta iraultzailea egitea.

Aurreko hauteskundeetan, marko estatal espainolean eginda, itxuraz eta azalean argiago ageri zen beren izaera zapaltzailea. Oraingo honetan, Europar Batasunekoak Euskal Herri osoan eginen dira. Hori bai, Euskal Herriak batasun nazionalik gabe segituko du, Frantzia eta Espainiaren artean ukatuta eta zatituta, eta gainera, bi marko estatal desberdinetan bozkatzera behartua. Abertzale eta sozialista iraultzaile den orok aise ulertuko du zergatik ez dugun inolaz ere Europar Batasunak bere zapalkuntza kapitalista eta inperialista legitimatzeko antolatu duen plebiszitua indartu behar gure botoekin. Europa kapitalista, militarista eta inperialista horretatik ez zaigu deus onik etorriko. Gu Europako Errepublika Sozialisten Batasunaren aldekoak gara, non, internazionalismo proletarioa gidari, etorkizuneko Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialistak parte hartuko duen, berdintasunean eta elkartasunean, Sozialismoaren eraikuntzan, gainontzeko Herri Langile guztiekin, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko sozietate libre eta burujabeak helburu. Planeta osoan.

Alta, Hego Euskal Herrian hauteskunde foral eta munizipalak ditugu. Baldintza berberetan antolatzen dira, okupazio militarraren mende, berriki Espainiako Guardia Zibilak Iruñeko kaleetan oroitarazi digun bezala. Bainan erreformistek eta autonomistek beti azpimarratu izan dute instituzio hauek Herriarengandik hurbilago daudela, eta nonbait, aukera gehiago daudela gauzak aldatzeko bertan parte hartzen badugu. Barrutik sistema aldatzen ahal dela. Betiko lelo zahar ustela.

Gu ez gaude ados horrekin. Instituzio horiek guztiak, Nafarroako Gobernua, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako diputazioak eta herri zein hiri guztietako udalak, Estatu Espainoleko erakundeen parte dira, eta beraz, Euskal Herri Langilea zapaltzeko tresnak. Are arriskutsu eta alienatzaileagoak, langileon eguneroko bizitzatik hurbilago daudelako. Hurbiltasun honen bidez sortzen da ilusio demokratiko burgesa langileengan. Instituzio horietan egin daitekeen gauza bakarra, Euskal Herri Langilearen aurkako esplotazioa eta zapalkuntza kudeatzea da, oligarkia espainolistak ezarri dituen baldintzen arabera. Goxoago ala bortitzago, baina subordinazio nazional eta sistema kapitalistaren baitan. Catalunyan behin eta berriz ageri den bezala, instituzio autonomiko espainoletatik ezin da eraiki Independentzia, eta are gutxiago Sozialismoa. Hego Euskal Herriko udaletxe guztietan agertzen diren bandera espainolek hori oroitarazten digute egunero. Gure zapalkuntza nazional eta soziala.

Aurreko agiri batean esandakoa berresten dugu: “Ez da alderdi kontua, ez hauteskunde afera, sistema inperialista osoa irauli behar dugu. Hori da azken 60 urteetako irakaspena. Ez dago deus negoziatzeko oligarkia frantses eta espainolarekin. Ez dago erdibideko etaparik. Ez dago inolako batasun nazionalik, ezta aliantza estrategikorik balizko euskal burgesia nazionalarekin. Euskal Langileriak gidatu behar du Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta soziala.

Euskal Herri Langilearentzat ez da askatasunik izanen bi estatu konkistatzaile, okupatzaile, kolonizatzaile, kapitalista eta inperialisten legalitatearen baitan. Haien instituzio autonomikoetan parte hartuz ez ditugu lortuko Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea, Feminismoa eta Nafar Lurraldeen Birbatasun Nazionala. Euskal langileok ez gara inoiz libre izanen bi Konstituzio burges, patriarkal eta etnozida horien marko zapaltzailean. Ezinezkoa da.”

Badakigu analisi hau, gaur egun, oso minoritarioa dela euskal langileen artean, eta gehienak logika erreformistaren baitan kokatzen direla, bere aldaera guztietan, Unidas Podemos zein PSOE, espainolisten bidean edo EHBildu zein PNV, autonomisten ildoan. Iraultza Sozialistaren perspektibarik ez dagoenean, gelditzen den esperantza bakarra sistemaren baitan erreformak egitea da. Edo hobekuntza ñimiñoak, kosmetikoak, axalekoak. Sistemaren alderdien arteko lehia elektoral hutsa dira hauteskundeak, kapitalismoaren zapalkuntza nork hobeki kudeatuko eta subentzioen pastelaren zati handiena nork eskuratuko. Hauteskunde burgesetan kateen itxura nolakoa izanen den erabakitzen da, ez kateak behin betikotz suntsitzea.

HERRITAR BATASUNAk uko egiten dio logika erreformista horretan murgiltzeari. Guk Euskal Iraultza Sozialistaren bandera gorriari zutik eta tinko eusten diogu. Perspektiba askatzailea, iraultzailea eta emanzipatzailea bizirik mantendu nahi dugu, eta horretarako egia garratzak esan behar dizkiogu Euskal Herri Langileari, eta bereziki Euskal Proletalgoari, Euskal Langileriari.

Formakuntza, antolakuntza eta borroka egiteko borondate irmorik gabe, Iraultza Sozialistaren bidez botere politiko eta ekonomikoa hartzeko erabakimen barik, abstentzio pasibo eta apolitikoa suizidio lazgarria izanen da Euskal Langileriarentzat faxismoa goraka doan garaiotan. Hori edozein langilek ulertzen du, eta horregatik joan dira masiboki aukera politiko erreformistak eta autonomistak bozkatzera.

Baina zoritxarrez, Euskal Herri Langilearen sektore gehienek oraindik beren esperientzia praktikoaz ulertu eta ikasi ez dutena da faxismoaren beldurrez erreformistei eta autonomistei bozka emateak ez duela deus ere konpontzen, sistema kapitalistaren logika eta lege gupidagabeak aldatzen ez direlako. Euskal Proletalgoarentzat erreformismo autonomistak ez du inolako konkista esanguratsurik lortuko, zeren eta denetariko eta askotariko sozialdemokratak Kapitalaren interesak zintzoki kudeatzera mugatzen baitira, ukitu progre, liberal eta posmoderno batekin. Anestesia eta alienazio dosi handiagoa langileak lokartzeko. Argi izan behar dugu eskuinak, kontserbadoreak ala faxistak, eta ezkerrak, sozialdemokratak ala “erradikalak”, sistemaren bi hegalak direla, eta biak Kapitalismoaren logikaren baitan kokatzen direla. Adibiderik garbiena, Greziako Syriza. Hurrengo urteotan Euskal Herri Langileak horren esperientzia garratza eginen du Unidas Podemos eta EHBildurekin. Sistema kudeatzera mugatuko dira, inolako haustura eragin gabe, PNV eta PSOErekin estatutu baskongado berri bat negoziatuz Espainiako Konstituzioaren markoan. Euskal Herri Langilearen aurkako zapalkuntza eta esplotazioak bere horretan iraunen dute: miseria, prekaritatea, lan istripuak, patriarkatua, etnozidioa, okupazio militarra, langabezia, murrizketak, aldaketa klimatikoaren ondorioak...

Gu beste logika batean kokatzen gara. Independentzia, Sozialismo, Berreuskalduntze eta Birbatasun Nazionalaren logikan. Feminismo eta Ekosozialismoaren logikan.  Euskal Langile Boterea eraikitzearen logikan. Kapitalismoa Euskal Herrian eta mundu osoan suntsitu eta Demokrazia Proletarioaren logikan. Langileriaren independentzia politiko eta estrategikoaren logikan, klase, estatu eta patriarkaturik gabeko planeta libre batean. Iraultza Sozialistaren logikan.

Catalunyako egoerak erakusten digu gaur egungo sistema inperialistan nazio zapalduetako burgesiek ez dutela ez indarrik ez asmorik askapen nazionala bururaino eramateko, eta Herri Langileek bakarrik, Langile Klasea buru eta gidari, lortzen ahal dutela independentzia, Iraultza Sozialista eginez eta nazioari ezaugarri zein izaera proletarioa emanez. Hori da gure bidea, Euskal Herriaren independentzia eskuratzea Euskal Proletalgoaren independentzia politikoa eraikiz. Bi independentziak bat eta bakarra baitira gure ustez. Batak ekarriko du bestea. Euskal Langileriaren independentzia estrategikoak denetariko burgesia autonomistengadik ahalbidetuko du Euskal Iraultza Sozialistaren garaipena. Eta argi dugu Iraultza Sozialistaz bakarrik lortuko dituela Euskal Herri Langileak bere helburu nazionalak: Independentzia, BERREUSKALDUNTZEA eta Birbatasun Nazionala.

Kolonbia eta Venezuela, Palestina, Yemen eta Siriako egoerek erakusten digute klase borroka mundu mailan areagotzen ari dela, eta III. Mundu Gerraren atarian garela, inperialismoaren ofentsiba globalaren erruaz. Ez dago deus negoziatzeko Inperialismoarekin eta kapitalismoarekin. Haiek ala gu. Ez dago erdibiderik. Pentsatzea testuinguru geopolitiko honetan Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta soziala hauteskundeez eta bakebidez erdietsiko dugula, ameskeria izateaz gain, erabateko hondamendia da. Euskal Iraultza borroka eta erresistentzia antinperialistaren frontean kokatzen da buru belarri. Irabazi arte! Badakigu hau zaila eta gogorra izanen dela, eta errazagoa dela botua eskatzea, horrela dena aise konponduko delakoan. Bainan horiek gezur elektoralistak dira. Oportunisten leloak.

Honengatik guztiarengatik, eta egoera zehatzaren azterketa zehatza egin ondoren etorkizunean bestelako aukera iraultzaileei uko egin gabe, HERRITAR BATASUNAk beresten du bere erabakia: abstentzio aktibo eta iraultzailea bultzatzea 2019ko ziklo elektoral honetan, euskal langile guztiei dei eginez formatu, antolatu eta borrokatzeko, egoki ikusten dituzten antolakundeetan, eta bereziki Ezker Abertzale Iraultzailearen erakundeetan. Organiza gaitezen!

Abstentzio aktibo eta iraultzaileak, benetakoa izateko, derrigorrez exijitzen du antolakuntzaren aldeko erabaki irmoa. Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea eraikitzen hasi gara, eta langile iraultzaile guztien militantziaren beharra badugu antolakunde desberdinetan. Eguneroko lana eta borroka. Hauteskunde hauetan abstentziora jotzeko erabakia hartu baduzu, eta agiri hau honaino irakurri baduzu, gauza bakarra dugu zuri esateko:

 

FORMAKUNTZA, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA,

EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTAREN ALDE!

JO TA KE,

IRABAZI ARTE!

BORROKA DA BIDEA!

Comments (1)

  1. hosting

http://jugostantra.com/images/ecommerce-website-hosting-87872.jpg

  Attachments
 
There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location