MAIATZAK 1 : LANGILERIAK SOZIALISMOA, SOZIALISMOAZ INDEPENDENTZIA!

Comunicados

MAIATZAK 1 :

LANGILERIAK SOZIALISMOA,

SOZIALISMOAZ INDEPENDENTZIA!

 

Aurtengo Maiatzaren Lehena bi gertaeren argitan eginen dugu. Bata, sistema kapitalistak ezkutatua eta isildua, Estatu Frantseseko txaleko horien mugimendu langile borrokalari miresgarri eta heroikoa. Bestea, sistemak handizki zabaldua eta hedatua, Estatu Espainoleko hauteskunde orokorren ikuskizun triste eta negargarria.

Maiatzaren Lehen honetan HERRITAR BATASUNAk hauxe esan nahi dio Euskal Langileriari: Euskal Herrian bertan, ipar eta hego, bi bide ageri dira soldatapeko esklaboontzat: txaleko horien borroka antikapitalista proletarioa, unitarioa eta asanblearioa, kontsekuentea eta frontala, ala alderdi zein sindikatu erreformista eta autonomisten elektoralismo eta instituzionalismo politikero koldarra.

Bata lortzen ari da Gobernu Frantsesa atzeraka jotzea, itxurazko kontzesio hutsalak  eginez eta errepresioa bortizki areagotuz. Asteburuz asteburu, txaleko horiek borroka segitzen dute kaleetan, hortzez eta haginez, adorez eta indarrez beterik. Eredugarri dira. Horregatik ez da haien aldeko elkartasuna antolatzen, adibide arriskutsua baitira.

Bestea, PP, Cs eta VOXen hirukote neofrankistaren aurrean kikiltzea eta izutzea, eta “mal menor” bezala, PSOE-GA, botuen bidez, zuzen ala zeharka, indartzea. Gure gudarientzat lortu ez dugun Amnistia Osoa, euskal sozialdemokrazia autonomistak musutruk, dohainik eta baldintzarik gabe eman die Pedro Sanchezen sozialfaxistei. Ahantzi ote zaigu Felipe Gonzalez eta Rodriguez Zapateroren PSOEk berrogei urtez Euskal Langileriari egindakoa? Hainbeste aipatzen den oroimen historikoa hemen ez da aplikatzen? Pedro Sanchezek ez al zuen babestu Catalunyako independentziaren aurkako 155. artikulua? Ez al zion lagundu Venezuela iraultzailearen aurkako eraso inperialistari? Ez al dakigu PSOE 78ko erregimenaren zutabe nagusia dela?

Euskal Langileriak, oro har, Ezker Abertzale Iraultzaileak proposatzen zuen abstentzioa ez du babestu. Faxismo espainolistaren beldurrez, aukera erreformistak eta autonomistak bozkatu ditu neurri handi batean. Honek erakusten digu noraino dagoen sisteman kapitalistan integratuta. Klase kontzientzia iraultzailea oso ahula da gaur egun. Krisiak ekarritako kontzientzia horren areagotze espontaneoa izan zen eta, horretxegatik, nahasia, ondorioz erreformistek erraz kontrolatu eta apaldu dute.

Hauteskundeekin edo hauteskunderik gabe, klase borrokak ez du etenik. Proletalgoak aurrera jotzen ez badu, burgesiak irabazten du hil ala biziko sokatira gupidagabe honetan. Kapitalismoaren krisia aurrera doa, eta Euskal Langileriaren lan eta bizi baldintzak gero eta okerragoak izanen dira hurrengo urteetan. Oligarkia espainolistak guk baino hobeki daki hori, horregatik aukeratu du PSOE egoera zaila kudeatzeko.

HERRITAR BATASUNAk dei egiten dio euskal langileei maiatzaren lehen honetan klase borroka iraultzailea eta Langile Boterea hauspotzen dituzten mobilizazio guztietara joateko, Iruñean, Donostian, Lizarran, Bilbon, Gasteizen eta nonahi, bazter utziz sindikatu erreformista guztien goizeko desfile eta prozesioak. Borroka antikapitalistaren helburua SOZIALISMOA da, proletalgoak botere politiko eta ekonomikoa eskuratzea. Euskal Herrian, Iraultza Sozialistaren bidez lortuko du Euskal Herri Langileak bere helburu nazionalak ere erdiestea: INDEPENDENTZIA, BERREUSKALDUNTZEA eta BIRBATASUN NAZIONALA.

Badakigu gaur egun geure posizioa ez dela batere indartsu Euskal Langileriaren baitan. Erreformismo autonomista guztiz hegemonikoa dela euskal langileen artean. Bainan ilusio posibilistak hurrengo urteetan errotik urtuko dira krisi ekonomiko berriak Proletalgoa gogor kolpatzen duen heinean. Eta hori, ez Euskal Herrian bakarrik, mundu osoan baizik. Krisi kapitalistak, XX. mendean gertatu zen legez, faxismoak eta gerra inperialistak ekarriko ditu berriz ere. Alferrik da begiak ixtea eta hori Euskal Herrian  ez dela gertatuko sinesten saiatzea. Errealitatea egoskorra da, eta hau erakuste digu: eguneroko esplotazioa, aberatsak aberatsago, pobreak pobreago.

Erresistentzia eta lan isilaren urteak ditugu aurrean. HERRITAR BATASUNAko militanteok badakigu Euskal Langileriaren alienazio nazional eta sozial sakona ez dela aldatuko egun batetik bestera. Herriz herri, auzoz auzo, fabrikaz fabrika eta lantegiz lantegi proletarioon borrokak piztu, indartu eta hauspotu behar ditugu, gainontzeko langile guztiekin batera. Urte luzeak joanen dira Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzailea sendo eta tinko eraiki arte. Inperialismoaren kontraintsurjentziak eta erreformismo autonomistak ederki suntsitu dituzte Euskal Herri Langilearen borroka tresna teoriko eta organizatibo guztiak.

Euskal Iraultza Sozialistarako HERRITAR BATASUNA gara. Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialista da gure helburu taktikoa. Klase, estatu eta patriarkaturik gabeko Euskal Herri Langile libre eta burujabea da gure helburu estrategikoa. Internazionalismo proletarioan oinarritzen da gure borroka, Errepublika Sozialisten Batasuna lortzeko bidean, kapitalismorik gabeko planeta batean.

Euskal Langileria noizbait bere lozorrotik aterako da. Zapalkuntza kapitalistak horretara behartuko du nahitaez. Jadanik ehunka borroka partzial eta isolatuetan burgesiaren aurkako erresistentzia behin eta berriz berpizten da. Belaunaldi proletario gazteak klase kontzientzia zorrozten ari dira tailer, institutu, fabrika, lan prekario eta unibertsitateetan. Agian haiek lortuko dugu guk irabazi ez duguna. Eutsi, ez etsi, eta bihar-etzi, hautsi! Aurrera! Borroka da bide bakarra! Langile borroka iraultzailea!

 

FORMAKUNTZA, ANTOLAKUNTZA ETA BORROKA!

GORA MUNDUKO LANGILERIA!

GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

 

Comments (1)

  1. hosting

https://lechemin-raccu.com/wp-content/uploads/2019/08/cheap-webhosting-12347.jpg

  Attachments
 
There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location