ARGALAREN ILDOAN, AURRERA EUSKAL IRAULTZA!

Comunicados

ARGALAREN ILDOAN,

AURRERA EUSKAL IRAULTZA!

 

Gaur betetzen dira 40 urte Euskal Herri Langilearen etsai diren Estatu frantsesak eta espainolak, haien nagusi den inperialismo kapitalistaren beso armatua den OTANek eta bere morroi kolaboratzaile diren autonomista basko espainolek, nork bere funtzioak ete eginkizunak betez, ETAko militante Joxe Migel Beñaran Ordeñana, “Argala” erail zutela.n

HERRITAR BATASUNA ez da polemika antzuetan hasiko militante abertzale eta sozialista iraultzaile eredugarri honen ondare teorikoa eta legitimitate historikoa kapitalizatu nahi dituzten erreformista, oportunista, burokrata, politikero profesional eta likidazionista guztiekin.

Ezinezkoa da jakitea gaur egun Argala, biziko balitz, non kokatuko litzatekeen politikoki. Bere garaian Euskal Herri Langilea askatzeko borrokaren lehen lerroan jo eta ke aritutako askoren ibilbide politiko eta pertsonal tamalgarriak ikusiak ditugu behin baino gehiagotan. Izen eta abizenak jakinak eta ezagunak dira Euskal Herri osoan.

Dena den, bi galdera xume: Argala gaur egun, sozialdemokrazia autonomista baskoan arituko litzateke Estatutu baskongado berri bat PNVren besotik lortu nahian? Zail da sinesten, zinez.... Ala Ezker Abertzale Iraultzailea berreraikitzeko lanetan ibiliko litzateke, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea birfundatzeko borrokan, ekarpen teoriko eta praktikoak egiten? Nork bere iritzia osa dezala. Guk, jakina, geurea osatua dugu aspaldian eta begi bistakoa da.

Ezin dugu jakin Argalak gaur egun zer sentitu, pentsatu eta eginen lukeen. Dakiguna hauxe da: berak egin, esan eta idatzi zuena. Eta horretan ez dago inolako zalantzarik. Argala abertzale iraultzailea zen, eta sozialista iraultzailea. ETAko V eta VI Biltzarretan zehaztutako helburu eta estrategiarekin bat zetorren osoki. Hau da, Independentzia eta Sozialismoa, Berreuskalduntzea eta Birbatasun Nazionala. Euskal Iraultza Sozialista. Euskal Estatu Sozialista. Euskal Herri Langilearen askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokaren gidaritza Euskal Langileriaren, Euskal Proletalgoaren eskuetan izan behar da, eta ez burgesia txikiaren eskuetan.

Halaxe utzi zuen idatzirik Jokin Apalategiren liburuko hitzaurrean. Duela 80 urte Euskal Langileriaren sektore abertzalea ez zen existitzen modu kontzientean, eta horrek ahalbidetu zuen burgesia txikiak hein handi batean borroka nazionala gidatzea. Pasa den mendeko 60. hamarkadan, ETAren borrokari esker, nagusiki, Euskal Proletalgoak nazio askapen borrokaren gidaritza kendu egin zion burgesia txikiari, Euskal Nazioaren zuzendaritzan Euskal Langileria ezartzeko.

Gaur egun, berriz ere, borroka nazionalaren gidaritza burgesia txikiaren eskuetan dago, tamalez, eta klase sozial inpotente eta dekadente honek Euskal Herri Langile osoa sozialdemokrazia autonomistaren uztarrirat eraman nahi du, eta azken finean, PNVren nazionalismo burges basko espainolerat. “Estatutus” baskongado berria erabili nahi dute horretarako.

HERRITAR BATASUNAk, eta Ezker Abertzale Iraultzailearen bertze antolakundeek ere, ez dugu inolaz ere onartzen iruzur autonomista eta erreformista berri hau, bere garaian Moncloako estatutu baskongado eta Foru Hobekuntza nabarrero zatikatzaileak onartu ez genituen bezala.

Gaur egungo helburua, beraz, pasa den mendeko 60. hamarkadan bezala, Euskal Langileriaren sektore abertzale eta sozialista iraultzaileak berriz antolatzea da, klase kontzientzia nazionala duen Euskal Proletalgoa, alegia, eta burgesia txikiaren erreformismo eta autonomismoa hegemonia kentzea Euskal Herri Langilearen baitan.

Helburua da Ezker Abertzale Iraultzailea berreraikitzea, oinarri proletario iraultzaileen gainean, azken berrogei urteetako praxiaren irakaspenak barneratuz, eta Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea berriz osatuz.

Eta horretarako, Argalak erabili zuen teoria iraultzailearen metodoa erabili behar dugu, Marx eta Engelsek elaboratu zuten materialismo historikoa eta dialektikoa. Metodo honen bidez aztertu gaur egungo klase borroka Euskal Herrian eta mundu osoan, eta horren arabera estrategia iraultzailea diseinatu, Independentzia, Sozialismoa, Berreuskalduntzea, Birbatasun Nazionala, Feminismoa eta Ekologismoa lortzeko.

Nafarroako Euskal Langile Errepublika Sozialista. Euskal Estatu Sozialista. Langileen batzarretan oinarritutako estatu iragankorra, klaserik gabeko Euskal Herriaren bidean.

Uste dugu Argala bide horretan arituko litzatekeela gaur egun, gure klase eta nazio etsaiek hil izan ez balute.

Herriak ez du barkatuko!

Argala, gogoan zaitugu!

 

GORA EUSKAL IRAULTZA!!!

JO TA KE, IRABAZI ARTE!!!

INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA!!!

 

IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!!!

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location