Maiatzaren lehena, borroka da bide bakarra

 Aurten ere, Maiatzaren Lehena, kapitalismoaren krisi ekonomiko globalak bete betean harrapatu du. Egoera honek Euskal Herri Langilearen sektore guztiok jotzen gaitu, eta bereziki Langileria. Langile klasea.

Horren ondorioz, egunero sufritzen ditugu zapalkuntza nazional, sozial eta patriarkalak: langabezia iraunkor eta estrukturala; pobrezia soziala, ekonomikoa, energetikoa, elikadurazkoa; etxegabetzeak eta prekaritatearen larritzea, nagusiki emakumeontzat; lan istripu ikaragarriak eta lanean hildako langile ugari; esplotazio ekonomikoa; gizon eta emakumeon arteko lan sarien diskriminazioa; hezkuntza, osasungintza eta zerbitzu sozialetan murrizketak; pentsioen baliogabetzea; hipoteken soka itogarria eta argindarraren prezioaren igoera; terrorismo patriarkal etengabea eta emakumeon aurkako biolentzia egiturazkoa: bortizkeriak, eraso sexualak, bortxaketak, tratu txarrak eta erailketak, gobernuen eta komunikabideen kolaborazio hipokritaz, eta tamalez, jende askoren indiferentziaz; zapalkuntza nazionala eta gure aberriaren okupazio militarra; Euskararen desagertze progresiboa eta euskaldunon aurkako etnozidioa; atxiloketak, adierazpen askatasunaren aurkako erasoak eta (auto)zentsurak; torturak eta tai gabeko oldartze polizialak; espetxeetako egoera okertzea eta euskal preso politikoen zein beren senideen aurkako sakabanaketa areagotzea …

Nazioaren askatasuna Independentzia den bezalaxe, langileon askatasuna Sozialismoa da. Hau da, askatasun osoa, integrala, globala eta erradikala. Zapalkuntza guztien suntsitzea. Kapitalismoaren alde egiten duen demokrazia burgesaren eskutik datorren ustezko askatasuna, Euskal Herri Langileari egunero egiten dioten iruzurra da. Zapaltzaileen askatasuna dena, zapalduontzat esklabutza da.

Egun, gure ustez, Maiatzaren Lehena egun “normalizatuta”, zentzurik txarrenean, beste edozein “jai egun” baten moduan, edota indar sindikal gehienen mamirik gabeko erretolikak plazaratzeko eguna bilakatu da. Hori baita, haien artean oportunistenak direnei, Kapitalismoak eman dien funtzioa: langileak manipulatzea, alienatzea eta desorientatzea. Horretarako daude eta horretan ari dira egunero lanean.

Nafarroa osoa zapaldutako nazioa izanik, sozialki eta nazionalki zapalduta, Maiatzaren Lehena, Euskal Herri Langilearen kontzientzia piztu, eta haren batasuna borrokan lortzeko aldarrikapen eguna izan behar du. Langileon ASKATASUN OSOAren aldeko borroka eguna.

EUSKAL HERRI LANGILEAREN ASKATASUN OSOA HELBURU !!

BORROKA DA BIDE BAKARRA !!

Herritar batasuna.