Oroimen Historikoaren eta gatazkaren kontakizunaren ertzak.

Memoria histórica

Ezinezkoa da etorkizun politiko librea eraikitzea gure herriarentzat, hau da, Euskal Herrian Estatu Nafar independente eta ekosozialista eraiki, gure iraganaren inguruko gatazka ideologikoa borrokatu eta irabazi gabe.

Etsai neofrankistek eta autonomismo jelkideak, gure Herriaren iraganaren edozein aztarna  borrokalaria, iraultzailea, gorria eta libertarioa ezabatu nahi dute, edo bestela erabat desitxuratu. Iragana, beraien “egungo legitimitate demokratikoaren” aurrekari bilakatu dute. Azken hamarkadetako gure historiak beti izan duen eduki Independentistaz eta Sozialistaz  hustuz. Euskal Gatazkaren aro modernoa (1936tik edo urte bakar batzuk lehenagotik, 1930etik) abiatu zena, egungo haien ideologiaren arabera moldatu nahi dute, makinaria instituzional eta mediatiko guztia horretarako erabiliz.

Urtetan, ezkerreko talde soziopolitiko historikok zein herri mugimenduak borrokatutako Oroimen Historikoa “modan” jarri dute. Komeni zaien erara moldatu dute, haien egungo interesak zuritzeko tresna bilakatuz. 1977ko Erreforma Politikoaren bidez sortutako Espainiar Estatu Neofrankistaren legitimitate eza agerian uzteko eta ideologikoki borrokatzeko jaiotako mugimendua, (hori baita azken finean Nazioarteko Legeriak Frankismoaren biktimentzat eskatzea; Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak aldarrikatzea) egungo eskuinaren interes ekonomiko-politikoen eta  demokrazia burgesaren zerbitzura jarri nahi izan dute.

Zoritxarrez, Oroimen Historikoan lanean ziharduten (eta egun Erreformako Frankistaren Erakundeen interesentzat buru belarri lan egiten duten) hainbat talde, zein Ezker Abertzale Erreformistak, joko honetan sartu dira bete betean, oroimen historikoaren irakurketa zuri eta “politikoki zuzena” eginez, edozein legitimitate talka eta eduki apurtzaile eta borrokalaria baztertuz. Gordintasun osoz  esanda, iragan borrokalariaren kontakizuna lurperatu nahi dute etorkizuneko edozein borrokari legitimitatea kentzeko.

Herritar Batasunarentzat, oroimen historikoa zein euskal gatazkaren inguruko kontakizuna borroka ideologikorako eremuak dira. Gaur aurkezten dugun Herritar Batasunaren lan talde hau horretan murgilduko da buru belarri. Genozidio Frankistak zein Estatu Terrorismoak eraildako, torturatutako, atzerriratutako, espetxeratutako eta hamaika modutan zapaldutako milaka eta milaka militante ezkertiar eta independentistei Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriro ez gertatzeko bermeak eskaintzeko bide bakarra hori baita hain xuxen. Eskubide hauek soilik Nafar Estatu independente eta ekosozialista batean bermatuko baitira. Pentsaezina da Espainiar Estatuak bere hastapenen kontra joatea: 1977ko auto-amnistia legea bertan behera utzi eta bere buruaren kontra prozedura judizial orokor bat irekitzea. Honek ekarriko baitzuen, alde batetik, Estatuaren demokratizazio sakon bat, eta bestetik azken 40 urtetako egitura estatalen deslegitimizazioa. Bereziki, euskal gatazkaren aurrean, baina baita ere Kataluniaren egungo independentzia prozezuaren aurrean. Halako egoera pentsaezina da, joera guztiz kontrakoa denean batzuen “garai berri” hauetan ere. Egungo “legitimitate”aren defentsa hertsia da espainolismo zein autonomismotik ezagutuko dugun erantzun bakarra.

Honek ez du baztertzen Oroimen Historikoaren aldeko lanaren beharra, dauzkagun tresna guztiak erabiliz. Baina euskal jendarteri sinestaraztea Genozidio Frankista zein Estatu Terrorismoaren krimenak gaur egungo egitura politiko-judizialen bidez erreparatu daitezkeela, gezurra hutsa da, eta herritarren sentimendu eta justizia gogoarekin jolastea. Eusko Jaurlaritzak egiten duena.

Gure herriaren Oroimen Historikoa eta oraindik irauten duen Euskal Gatazkaren kontakizun euskalduna, independentista, ezkertiarra eta sakonki feminista eraikitzera goaz. Ez bakarrik hedabidetan, kalean baizik. Kaleko mobilizazioekin, duela gutxi Barrundian eta 36ko gerrako ezker abertzaleko gudari baten manipulazio soziopolitikoaren aurrean egin genuen bezala. Baita ekitaldi eta argitalpen ezberdinen bidez.

Azpimarratu nahi dugu, gure lanak Estatu Espainolaren zentsura eta jazarpena izango dituela oztopo. Ezkertiar independentistok ez dugu beharko genukeen nahiko askatasunik guk eraiki nahi dugun kontakizuna gauzatzeko. Gure borrokan badoa ere zentsura eta errepresio ideologiko hau salatzea. Agerian uztea “garai berrietan” zentsurak eta jazarpen ideologiko zaharrak  bete betean irauten dutela.

Finean, Oroimen historikoak gaur egungo borroka soziopolitikoentzat tresna behar du izan. Hori baita bidean geratutako militanteen eskubideen defentsa nagusia eta erreparaziorik handiena. Beraien borrokak jarraitzen duela agerian geratzea.

1936ko gerran EAE-ANVko ezker abertzaleko gudariek aldarrikatzen zutenez, soilik Euskal Herritik Kapitalismoa eta Espainia Eternoaren aztarna guztiak errotik suntsitzerakoan lortuko da benetako bakea, haiek izan baitira ezker abertzalea jaio zenetik eta lehenago ere gizateriaren aurkako krimen guztien eta zapalkuntzen iturburua.

 

Herritar Oroimen Historkikoa

Comments (0)

There are no comments posted here yet

Leave your comments

Posting comment as a guest. Sign up or login to your account.
0 Characters
Attachments (0 / 3)
Share Your Location